«Gure herriaren eta Hernaniren arteko harremana indartu nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2012ko api. 9a, 02:00

Ghanako independentziaren aldeko eguna antolatu dute gaur, Hernanin bizi diren ghanarrek eta futbol partidua, hitzaldia, jokuak, bazkaria eta txaranga izango dira egunean zehar.

Dora Ekna Parker Herna­nin bizi den ghanarra da eta EAEko Ghanako lagunen elkarteko kidea da. Orain dela gutxi, Gipuzkoa mailako elkartea jarri dute martxan eta elkartearen berri zabaltzeko asmoz, Ghanako independentziaren aldeko eguna antolatu dute gaur. «Gure asmoa, gure herria eta Gipuzkoa eta Hernaniren ar­teko harremana indartzea da», dio Dora Ekna Parkerrek.
Hori horrela, egunean zehar ekintza ezberdinak antolatu dituzte: 11:00etan futbol partidua izango da Zubipen, Gipuzkoan eta Bizkaian bizi diren ghanarrek jokatuko dute elkarren aurka; 13:30etan Ghanari buruzko azalpenak emango dituzte Atsegindegin eta bertako jolasak ezagutzeko eta bazkaltzeko aukera ere izango da; bukatzeko, 16:30etan txaranga aterako da Atsegindegitik. Plaza Berritik pasa eta Gudarien plazaraino joango da giroa jartzen. Bizkaian bizi diren Ghanako herritarrek joko dute bertako musika.


«Jendeak Ghana ezagutzea nahi dut»
Gipuzkoa­ko Ghanako Lagu­nen elkartea oso berria da. EAE mailakoak Bizkaian dauka egoitza, Durangon, eta bertan Dorak azaldu zien Gipuzkoa mailako elkartea sortu nahi zuela. Amherren laguntzarekin eta SOS-Arra­za­keriarekin Donostian hasi zen pixkanaka lanean eta orain zabaltzen ari da.
«Ghana eta Ghanako herritarrak ezagutzea nahi dut. Be­ti Afrikako herrialde berdinetaz hitz egiten da eta horiek ezagutzen ditu jendeak, Ma­ro­ko esaterako, eta nik jendea animatu nahi dut Ghana eza­gu­tzera. Euskadi eta Ghana­ren arteko elkartasuna da gu­re lema», dio Ekna Parkerrek.

Herrialde lasaia
Ghana Afrikako mendebaldean dagoen herrialdea da eta itsasoa dauka. Herrialdea 9 eskualdetan banatua dago eta bakoitzak bere hizkuntza dauka. Denetan ingelesa irakasten da (Britainiako kolonia izan baitzen) eta horrez gain, eskualde bakoitzean, bertako hizkuntza. «Ni Cape Coast-ekoa naiz, Erdialdeko Ghana eskualdeko hiriburua da eta hango hizkuntza fante da», azaldu du Ekna Parke­rrek.
Ghanako bizimoduaz galdetuta, Ekna Parkerrek azaldu du 20 bat urtetan egoera ekonomikoa ez dela oso ona izan, baina azken urteetan ho­be­tzen doala. «Europatik jen­de asko hasi da joaten eta en­presak jarri dituzte mar­txan». Merkatua ere asko aldatu omen da txinatarrek ere negozioak jarri dituztelako. «Gizarteari dagokionez, hango jendea oso lasaia da, ez da inoiz gerrarik izan. Bi triburen arteko liskar txiki bat, baina besterik ez», gaineratu du.


Ghanako 6 herritar, Hernanin
Ekna Parkerrek ia lau urte daramazki Hernanin bizitzen eta oso gustora dagoela dio. «Hemengo jendeak asko la­gundu dit integratzen. Amher elkarteak, esaterako, hasieratik eman dit babesa eta elkarteko kideak oso ondo portatu dira nerekin». Hernanin, 6 ghanatar bizi di­ra. «Hernanin ez gara asko bizi, baina Gipuzkoa osoan lagun asko gara. Andoain, Irun, Beasain, Tolosa, Donostia... Gipuzkoa guztian asko gara eta bertan izango dira gaur».


Independentzia, 1957ko martxoaren 6an
Independentziaren aldeko egu­na gaur ospatuko bada ere, Ghanak martxoaren 6an lortu zuen Britainiatik independizatzea. Ghana, independentzia lortu zuen lehenengo kolonia afrikarra izan zen. 

EGITARAUA:
11:00etan, futbol partidua Zubipen. Gipuzkoa vs Bizkaia.
13:30etan, hitzaldia, jolasak eta bazkaria Atsegindegin.
16:30etan, txaranga Kaxkoan barrena, Atsegindegitik aterata.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!