Euskadiko Arrantza Txapelketa jokatu zen joan den asteburuan Hondarribian, itsas-kosta modalitatekoa. 33 arrantzalek hartu zuten parte, tartean, Luis Adrian Bravo hernaniarrak. Txantxangorriko ordezkariak debut eguna zuen txapelketan, eta emaitza ezin hobea eskuratu zuen, aurreneko postua.
Sei ordu eta hogeita hamahiru minutu iraun zituen txapelketak, eta bi txandatan jokatu zen. Ez zuten nahi adina arrantzatzerik izan haizea kontrako izan baitzuten, baina Luis Adrianek bi txandatan puntuatu zuen. 509 gramoko erla bat, eta 270 gramoko barbarina arrantzatu zituen. Aurreneko txandan 2garren geratu zen, eta bigarren txandan 3garren. Hala, aurreneko postuan bukatu zuen txapelketa, eta pieza haundienaren saria ere, berea izan zen. Hurrengo txapelketa maiatzaren 5ean jokatuko da, Hondarribian baita ere.