Ereñotzun Mendi Lasterketa antolatu dute aurten ere. Bigarren edizioa izango da, eta erronka nagusia joan den urteko bera: Oindi mendia igo eta jaistea. Arrakasta haundia izan zuen lasterketak joan den urtean, eta hori kontuan izanda, aldeketarik ez egitea erabaki dute antolatzaileek.
Lasterketak 13 kilometro izango ditu, eta desnibela guztira 630 metrokoa izango da. Irteera eta helmuga Ereñotzun izango dira eta ibilbidean zehar bi gune egongo dira, edari eta janariarekin. Kontrolei dagokienean, bakarra egongo da, Oindin, eta bertatik pasa beharko dute partehartzaile guztiek. Lasterketa ekainaren 10ean jokatuko da, San Antonio festen bueltan, eta gehienez, 200 pertsonek hartu dezakete parte.
Izena eman nahi dutenentzat zabaldu dute epea www.kirolprobak.com web orrian. Azkeneko eguna ekainaren 8a da, eta partehartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu behar ditu. Plaza guztiak beteko ez balira, egunean bertan ere izango litzateke izena emateko aukera, irteeran bertan.
Sari nagusiak aurreneko hirurentzat izango dira. Hala ere, partehartzaile guztientzat izango da zerbait: 10 euroko deskontua Ibai Mendin eta opari sorpresa bat. Horrez gain, pintxoak eta salda izango dute aukeran, eta zozketak ere, egingo dituzte.