«Udalarekin elkarlanean ari gara eta 117 katu eta txakur bildu ditugu Hernanin»

Kronika - Erredakzioa 2012ko api. 8a, 02:00

Igeldoko txakur eta katuen etxeak, Gipuzkoako zenbait herritan galdutako animalien gestioa darama; iaztik, baita Hernanikoa ere. «Jendeari laguntzeko gaude. Galdutako animaliak berreskuratzen laguntzen dugu eta abandonatutako animaliak adopzio arduratsuan ematen ditugu», dio zentruko zuzendariak.

«Galduta edo abandonatuta dagoen txakur edo katuren baten berri izanez gero, udaltzainek deitu egiten digute eta bertara joaten gara. Herriko edozein lekutara joateko prest egoten gara animalia hori jasotzera», azaldu dio Kronikari Jon Azpirotz, Igel­do­ko txakur eta katuen etxeko zuzendariak. Gipuzkoako 9 herritako Udalekin ari dira elkarlanean galdutako ani­ma­lien gestioa eramateko. Iaztik, baita Hernaniko Uda­larekin ere. «Iaz hasi ginen elkarlanean, batez ere Osi­ña­ga auzoan zentratuta, eta de­nera 117 katu eta txakur bildu ditugu», dio Azpirotzek.

Gutxiago sakrifikatzearen alde, lanean
Zentruko zuzendariak prozesuaren azalpenak eman ditu: «Animalia behin gure egoi­tzan dagoenean, katuentzako edo txakurrentzako txabola `Chenil´ batean uzten dugu bazkari eta ur freskoarekin. Barruko eta kanpoko parasitoak kentzen zaizkio. Ondo­ren, albaitariak aztertzen du. Mikrotxipa duen begiratzen dugu eta baldin badauka jabeari deitzen diogu. Mikro­txipik ez baldin badu, hemen geratzen da. Gu arduratzen gara animaliaz. Nolakoa den aztertzen dugu eta izaeraren fitxa egiten diogu. Izen bat jar­tzen diogu eta 30 egun pa­sa ondoren, adopzioan ema­teko martxan jartzen gara».

Azpirotzek azpimarratu du, Gipuzkoan ahalik eta animalia gehien adopzioan ematearen alde ari direla lanean eta ahalik gutxien sakrifika­tzea lortu nahi dutela: «horretarako beste gestio bat daramagu, modernoagoa». Ani­ma­liak sakri­fikatu, beste erremediorik ez dagoenean bakarrik egiten dute: «Bakarrik, gaixo dauden edo burua ondo ez duten animaliak hil­tzen ditugu eutanasiaren bidez, animaliek sufritu gabe. Pro­tokoloak agintzen duen bezala, albaitaria arduratzen da horretaz. Eta gorputza, hozgailu haundi batean jar­tzen da, ondoren errausteko».

Zerbitzu integrala
«Jendeari laguntzeko gaude. Galdutako animaliak berres­ku­ratzen laguntzen dugu eta abandonatutako animaliak adopzio arduratsuan ematen ditugu», gaineratu du Azpi­ro­tzek. «Eskaintzen dugu hur­biltasuna, esperientzia, pres­tutasuna... zerbitzu integrala». Izan ere, Igeldoko zentrua, txakur eta katuen os­ta­tua ere bada eta jabeek ber­tan uzteko aukera dute. «Zain­tza egokia ematen die­gu. Animalien beharrei begiratzen diegu: kirola egiten dute, jostailuak dauzkate...».

Aste Santuan mugimendu gehixeago izan ohi da, baina batez ere, Eguberrietan izaten da eskari gehiago. Hernania­rrek erabiltzen di­tuzte berta­ko zerbitzuak eta baita Ara­no­ko zenbaitzuk ere.

Horiez gain, beste zerbi­tzu batzuk ere eskaintzen dituzte: txakurren heziketa eta trebakuntza, hitzaldiak ematen dituzte, ezinduei la­gun­tzen dieten txakurren era­kustaldiak eskaintzen dituzte... Informazio gehiago: www.igeldoresidenciacanina.com edo 943 24 01 22.

Oporretan, animalia gehiago utzi
Opor inguruan animalia gehiago uzteko joera dagoen galdetuta, Azpirotzek dio ha­la dela zoritxarrez eta batez ere udan izaten dela joera gehiago. «Kontzientziazio so­ziala behar da eta animaliak ezin dira edozein modutan eta edozeini saldu edo eman. Administrazioak esku hartu behar du. Alemanian, esaterako, beste kontzientzia bat dute eta hemengo txakur asko adoptatzen dituzte».

Pixkanaka zabaltzen
Igeldoko txakur eta katuen etxea 2008an jarri zuten mar­txan eta egun, Gipuzkoako 9 herritara iristen dira. Azpi­ro­tzek azpimarratu du pixkanaka zabaltzen doazela, baina sistema ez dela justua Gipuzkoako Animalien Babe­se­txeak duen laguntzarekin konparatuta: «Gipuzkoan bildutako animalien artetik %30-35 guk bildu ditugu. Zenbait animalia adopzioan eman arte hilabeteak pasa­tzen dira eta defizitarioa da. Dena dela, Diputazioarekin ari gara negoziatzen».

Unai Cabrera, ‘Cocodrilo Dundee’ hernaniarra
Igeldoko zentruan, Azpiro­tzez gain, beste bi langile da­biltza eta horietako bat hernaniarra da: Unai Cabrera. Esku ona du animaliak harrapatzen eta Urnieta aldean Co­codrilo Dundee deitzen omen diote. Hirugarrena, Marcos Villen albaitaria da.

Hernaniko datuak
2011 urtea

Bildutako animaliak: 107
 - 57 txakur
 - 50 katu
Itzulitako animaliak: 33
Adoptatutako animaliak: 52
Sakrifikatutako animaliak: 12
Adoptatzeko zain: 10

2012 urteko lehenengo hiruhilekoa

Bildutako animaliak: 10
 - 9 txakur
 - 1 katu
Itzulitako animaliak: 7
Adoptatutako animaliak: 2
Adoptatzeko zain: 1 (katua)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!