30 haur baino gehiagok ezin izango dutela gurasoek aukeratutako eredeuan ikasi salatu du guraso talde batek. «Hezkuntza sistema publikotik kanpo geratzeko arriskua ikusita, asko dira lehen aukera, badaezpada, beste ikastetxe batean egiten dutenak».
Zuloari partxe bat jarri izana leporatzen diote Gasteizko Hezkuntza Sailari. «Hezkuntza sistema euskaldun, publiko eta laikotik kanpo geratu ziren haurrak Hernaniko eskola ezberdinetan kolokatu dituzte, eta ondorioz, ikastetxeetan dauden ikasle ratioak edo gehienezko kopuruak agortu dituzte».
Aspaldiko arazoa
«Haurren haztea eta heztea markatuko duen hezkuntza eredua gauza inportantea da», diote guraso hauek, eta guraso gehienok hezkuntza eredu zehatz bat aukeratzen dugu».
«Baina azken urteetan aukeratutako ikastetxean ez dago nahiko plazarik eta hezkuntza sailetik haurrak beste ikastetxeetan partitzen dituzte. Azken finean, dena da hezkuntza publikoa ezta? Izan daiteke, baina ez da berdin». Ez deritzote txukuna haurrentzat nahi ez duten hezkuntza halabeharrez eman behar izatea, eta uste dute, ez dela erosoa izango ikastetxe horientzat ere haur horiek onartzea.
Epe luzerako plangintza
«Hernanik aspaldiko arazoa du eta ez da afektatuak diren haur eta gurasoen arazo puntuala eta partikularra; baizik eta herriarena», gaineratu dute.
Horrexegatik, epe luzerako plangintzak egitea zuzenena dela uste dute, eta eskaintza eta eskaria berdintzen joatea logikoa dela. Hernaniko Udalari eskaera horixe egin diote. «Eta horrela ulertu eta onartu du Hernaniko Udaleko plenoak», azpimarratu dute.
«Eta eskakizun horrek herritarren babesa duela adierazten dute egun gutxitan bildutako milatik gora sinadurek».