Iristear dira Hernaniko Olinpiadak. Aurtengoan ere, makina bat ekitaldi eta jolas prestatu dituzte eta datorren asteko larunbatean, lehia bizian ariko dira Hernaniko eta inguruko herrietako partehartzaileak. Hilabete honetan, bost proba jokatuko dira, hiru egunetan banatuta. Lehena, 14ean.
Lehen zita, sukaldean
Aurtengo Olinpiadetako lehenengo proba apirilaren 14ean jokatuko da. Goizeko 09:00etan, talde guztiek Tilosetan bildu beharko dute. Bertan, piperrak, tipula eta patatak emango dizkiete, baita beste osagai sorpresa bat ere, eta talde bakoitzak nahi duen platera prestatuko du.
Hasiera ofiziala, 10:30etan izango da, eta 13:00etarako, jakiak prest izan beharko dituzte partehartzaileek. Ondoren, bazkaltzeko denbora emango da, eta 15:30etan taldeen aurkezpena egingo da. Muralean taldeko marrazkia gehitu beharko dute denek, eta eguneko sailkapenaren berri emango da.
Arratsaldeko 17:00etan berriz, aulki jokoa egingo da plazan. Ondoren, txarangarekin ibiliko dira herrian zehar, eta 20:30ak inguruan, ekitaldiari amaiera emango zaio, antortxa piztearekin batera. Gaueko 22:00etan, Xutik, Luz de Putas eta Ze Esatek! taldeen kontzertuak izango dira Tilosetan.
Batzarra eta errifak
Hurrengo larunbatera eta datozen jokoei begira, batzarra egingo da, hilaren 12an, 19:30etan, Kontrakantxa gaztetxean. Talde bakoitzak errifen dirua eraman beharko duela gogorarazi dute.
Hurrengo probak
Apirilaren 19an, patinetan ibiliko dira. Hilaren 28an berriz, bi proba izango dira: goizean haur jolasak, eta arratsaldean, boxley-a.