«Aurrez prestatutako bidaia eta ekintzak erreserbatzeko joera areagotzen ari da»

Kronika - Erredakzioa 2012ko api. 4a, 02:00

Malaga eta Granadako kostalderako bidaiak dezente saldu dira hernaniarren artean, baina bada Karibea edota Indonesia hautatu duenik ere. Hernaniko ostatuak berriz, Katalanek bete dituzte.

Eskaintza oso zabala da, eta norberaren aukerak ere desberdinak dira. Hala ere, hernaniar askok topatu du Aste Santuko oporraldiak neurrira egokitzeko modua. Hernani Bidaiakeko Be­go­ña Lujanbiok Kronikari azaldu dionez, jendearen joerak ez dira gehiegi aldatu azken urte hauetan. «Hau­rre­kin bidaiatzeko aprobe­txatzen duten familiek Lan­de­tara joateko ohitura dute. Estatu mailan berriz, Salou eta Benidormera, edota Kanarietara joaten dira gehienak, eguzki bila, eta Europa hautatuz gero, klasikoak dira nagusi: Paris, Berlin, Londres eta Erroma. Karibe aldera edota Balira joatea erabaki duenik ere bada aurten, nahiz eta ez den oso ohikoa».

Andaluziako kosta, gustokoena
Eguraldi ona, eguzkia eta hondartza bilatzen dituzte hernaniarrek. Mediterraneoa eta Kanarietako irlak izaten dira, normalean, aukera nagusiak. Hala ere, Lujanbiok azaldu digunez, «Andaluziako kostarako bidaiak oso ondo saldu dira aurten; Malaga eta Granadako kostaldeetarako oso eskaintza onak izan dira». Galiziara joatea ere, nahiko merkea dela azaldu du. Benidorm eta Salou aldera ere, jende askok jo du, eta garestiago izan arren, Lan­zarote edota Tenerife ere hernaniarren gustokoen artean daude. Bestalde, azken urteetako joerari jarraituz, kruzeroek jende dezente erakarri dute aurten.

Aurrez prestatzeko joera
Bi asteko oporrak dituztenek, bidaia luzeagoak egiteko aprobetxatzen dute, baina badira hiruzpalau egunetarako, edota baita gau bakarrerako mugitzen direnak ere. Lujanbioren ustez, «denbora ondo aprobetxatu nahi delako, aurrez prestatutako bidaia eta ekintzak erreserbatzeko joera areagotzen ari da. Hori bai, ohikoagoa da nork bere neurrira antolatutako irteerak erreserba­tzea». Horrela, «denbora eta dirua aurrezten dira», Lujanbioren esanetan. Izan ere, antzerki, musikal edota ikuskizunetarako txartelak erreserbatzen dira, eta baita jatetxeak ere.

Hernanin, turista katalanak
Herrian, Txintxua, Arrobi eta Zinkoenea ostatuak, eta Pardiola nekazalturismoa beteta daude ia. Turista kataluniarrak dira nagusi, baina Madril, Alicante, Valentzia, Gaztela eta Leon, Burgos, eta Cordobatik ere gerturatuko da jendea. Bai Aste Santuko egunetan eta baita Pazko astean ere, beteta egongo dira herriko ostatuak. Baina 2-3 egunetarako etortzen dira turista gehienak. Orokorrean, Donostia bi­sitatu eta sagardotegiren bat ezagutu nahi izaten dute Hernanira gerturatzen direnek. Hala ere, urte dezentetan segidan etorritako turista asko egoten da, eta horiek Gipuzkoa hobeto ezagutzeko aprobetxatzen dute: Lapur­dira arteko kostaldea, edota Tolosa, Idiazabal, Zuma­rraga, Oñati eta Arantzazu, edo Azpeitia bezalako he­rriak. Jaki eta ganadu merkatuak bisitatzea gustoko izaten dute horrelakoetan, eta Gipuzkoako produktuak eros­teko aprobe­txatzen dute askok. Noski, sagardotegi edo jatetxe on bat ere denek probatzen dute.

Sagardotegi denboraldian, lepo
Ostiraletako jende etorrerak behera egin du, baina sagardotegi denboraldian Herna­niko ostatuak betetzen ari dira, larunbatetan batez ere. Orokorrean, Euskal Herritik bertatik etortzen da jendea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!