amihsen komunitateak asmatutako teknika omen da Patchworka. Teknika honen bidez, tela zati desberdinak aprobetxatzen dira, nahi den marrazkia diseinatu eta tela zati horiek elkarrekin josita, pieza berriak sortzeko. Hernaniko, Oiartzungo eta Trintxerpeko bost emakumek hainbat manta eta beste mota batzuetako piezak sortu dituzte patchworkaren bidez, eta Biteri kultur etxean jarri dituzte ikusgai. Erakusketa datorren apirilaren 4ra bitartean egongo da zabalik, eta azkeneko egunean, 19:00etan, manta bat zozketatuko dute.
Nork bere kabuz
Ikastaroren bat edo beste egin dute gehienek, baina nork bere kabuz ikasi du teknika. Duela urte batzuk berriz, Europan bi urtean behin egiten den patchwork erakusketan ezagutu zuten elkar bostek. Ordutik aurrera, hilean bi edo hirutan elkartzen dira, batak besteari ideiak eman, josten lagundu eta denen artean ikasteko. Ondoren, bakoitzak etxean josten du bere pieza.
Tela mota desberdinak erabili badaitezke ere, algodoizko zatiak josten dituzte normalean, beste batzuk baino hobea baita. Egindako diseinuaren arabera zati guztiak josi ondoren, pespuntea erabiltzen dute ixteko, eta atzean beste tela bat josten diote. Guztia eskuz egiten dute, eta manta bakar bat egiteko, gutxienez, bi hilabeteko lana egin behar izaten dute.
Ameriketatik hona
Estatu Batuetako Pensylvannia estatuan bizi da Amishen komunitate haundienetako bat. XVI. mendeko janzkera erabiltzen dute, eta gaur egungo bizimodutik kanpo bizi dira, lehengo usadioan.
Duela bi urte, komunitate horietako bat ezagutzera joan ziren bost emakumeak. Bertatik bertara ikusi zuten patchworka nola erabili, eta tela asko ere handik ekartzen dituzte.