Parranda egiteko ordutegia aldatu egin da txotx denboraldian. Orain, batez ere, larunbat eguerditik hasten da jendea tabernetan biltzen eta eguneko parrandak pisu haundia hartu du. Horren eraginez, trago hondakinekin kaleak zikinak ikusten dira, egunean zehar ere. Erremedioa jartzeko, Berriak elkarteak eta tabernariek zerbitzu bat martxan jartzea erabaki zuten. Bi pertsona kontratatu dituzte larunbat ilunabarretik hasi eta gau osoan zehar sortzen diren hondakinak biltzeko: plastikozko basoak, batez ere.
Hala azaldu dio Kronikari Mertxe Jimenez Berriak elkarteko idazkariak: «Bizilagunek esaten ziguten zerbait egin behar zela. Tragotako basoak kanpoan geratzen dira. Batzuk bertan uzten dutelako besterik gabe eta beste batzuk nahita ere sartzea oso zaila dutelako hainbeste jenderekin. Argi zegoen bateren bat kontratatu behar zela eta tabernariekin hitz egin genuen».
Tabernariek eman
duten beste pauso bat
Berriakeko idazkariak azpimarratu duenez, «egoera hobetu nahian, arazoa konpondu nahian, tabernariek eman duten beste pauso bat da ekimen hau. Pixakanaka hobetzen doa egoera. Hasieran kristalaren arazoa zegoen eta Udalak eta tabernariek erabaki zuten botiletan eta kristalezko basoetan ez zerbitzatzea. Orain beste pauso bat eman da plastikoa bilduz». Jimenezek gaineratu du 10 urtetan asko hobetu dela eta hemendik aurrera ere hobetzen joango direla.
Atzo, denboraldiko azkena
Herriko bi gazte dabiltza zeregin horretan. Martxoan hasi ziren lanean. «Hilabeteko lehenengo larunbatean jendetza bildu zen Hernanin eta hondakin pila sortu zen. Keja asko egon ziren bizilagunen aldetik», dio Jimenezek. Atzokoarekin hirugarren lanaldia izan zuten eta aurtengoz bukatutzat emango dute, txotx denboraldia ere bukatzera baitoa. Sagardotegi askok gaur itxiko dute.
Lehenengo aldian,
38 basura poltsa haundi
Lanean arratsaldeko 19:00etatik aurrera hasten dira, tabernak itxi arte. «Lehenengo aldian aritu zirenean, 19:00etan konturatu ziren oso zaila zegoela hondakina biltzea. Jende pila bat zebilen eta ezinezkoa zen makurtzea. 21:00etan bueltatu ziren, jende gutxiago zegoenean», azaldu du Jimenezek. Denera, 38 basura poltsa haundi bete zituzten larunbat hartan. Bigarren larunbatean, berriz, 32 poltsa. (Atzo-gaur bitarteko daturik ezin zen lortu Kronika bukatzerako).
Erantzuna, oso ona
Berriakeko idazkariak nabarmendu du bizilagunek eta herritarrek orokorrean estimatu dutela, eta oso erantzun ona izan duela ekimenak. Lehenengo aldiko pasarte bat ere kontatu du Jimenezek: «Kitto taberna da lehenengoa irekitzen eta goizeko 06:30etarako joaten dira garbitzera. Zaborrik ez zegoen kalean eta goizean garbitzen aritzen diren FCCkoek galdetu zioten ea larunbat horretan ez ote zen martxarik izan Hernanin. Harrituta zeuden!».
Datorren urtean, lehenago
«Aurten berandu hasi gara, baina datorren urtean lehenago hasiko gara eta ez gaitu zezenak harrapatuko. Hobetu ere egingo dugu zerbitzua, beste modu batera moldatuko gara. Udalarekin ere hitz egin dugu eta elkarlanean egingo dugu zerbait», aurreratu du Jimenezek.
Oraingo honetan ere, Udalak eman du laguntza. Tilosetan, frontoi atzean dauden Atez Atekorako zintzilikatzekoen artean lekua utzi du poltsak sartzeko. «Eta hondakinak biltzeko kuboak ere utzi zizkiguten, baina garbitzen aritzen direnak konturatu ziren kuboekin ez zela batere praktikoa. Jende artean ezin ziren sartu. Poltsekin erosoago ibiltzen dira», azaldu du Jimenezek. Eta gaineratu du, bi langileak gustora daudela. «Esan digutenez, ez dute arazorik izan inorrekin. Hori bai, ordu batzutarako palaren bat falta izan dute bateren batek kenduta!».