Esne Beltzaren Freedom Tour bira hastear da

Kronika - Erredakzioa 2012ko api. 1a, 02:00

Talde gipuzkoarrak hil honetan ekingo dio Freedom Tour birari. Azken diskako kantuak aurkeztuko dituzte munduan barrena egingo duten bueltan.

Alemanian eta Suitzan ere izango da Esne Beltza, hil honetan hasiko duen biran. Euskal Herrian ere hainbat kontzertu emango ditu, baina taldearen asmoa kanpora ateratzea da. Oraingoz, 10 kon-tzertuko bira osatu dute. Abenduan aurkeztu zuen taldeak bere hirugarren diska: Freedom 3 Kolpetan (Baga-Biga, 2011). 15 kantu bildu dituzte azken lan honetan, eta hastear den biran album honetako abestiak joko dituzte batez ere.

Munduan barrena
Euskal Herrian eta Estatuan hainbat kontzertu emango dituzte Esne Beltzako kideek, baina asmo nagusia bere lana kanpoan ezagutzera ematea da. Horrexegatik, Alemanian (apirilaren 28an eta 30ean) eta Suitzan (maiatzaren 1ean) ere izango dira, besteak beste. Hasi ordea, Euskal Herritik hasiko dira. Lapurdiko Xarnege Eguna Festibalean joko dute hil honen 21ean, Alemaniara joan aurretik. Itzuleran berriz, Madrilen izango dira maiatzaren 4ean, eta 19an, Eskoriatzako Mundumira Festibalean izango dira. Euskal Herrian jarraituko dute segidan, Irunen (maiatzaren 26an) eta Heletan, Euskal Herria Zuzenean Festibalean (ekainaren 30ean) emango baitituzte hurrengo kontzertuak. Ondoren, Galiziako Revenidas Festibalean izango dira, uztailaren 21ean. Oraingoz, birako azken emanaldia Gasteizen emango dute, Ama Zuriaren festetan, abuztuaren 7an.

Hirugarren kolpea
Abenduan argitaratutako diska, talde gipuzkoarraren hirugarrena da. 15 kantu bildu dituzte bertan; horietako 8 berriak dira, eta beste 7ak re-mixak, riddimak eta kantu zaharren bertsioak. Hainbat musikari ezagunen kolaborazioa izan dute gainera. Hala nola, Yacine Belahcene, La Pegatina, Xabi Pery, Davidb eta Pow Pow Movement. 3 Kolpetan diskarekin batera, Freedom DVDa ere kaleratu dute. Bertan, hiru kontzertutako irudiak bildu dituzte: 2009an Japoniako Fuji Rock jaialdian emandakoa, 2010ean Durangoko Plateruena Kafe Antzokian emandakoa eta 2011n Donostiako Kaian emandakoa. Modu ironiko batean, istorio bat osatu nahi izan dute kontzertuetako irudiak batuta. Era berean, guztia borobiltzeko, argazkiekin osatutako liburua ere kaleratu dute. Saioa CabaƱasek, hamaika kontzertutan zehar ateratako irudiak ikusi daitezke bertan. Fermin Muguruzarekin batera, Xabier Solano hernaniarra izan zen, 2008an, taldea sortzeko ideia izan zuena. Ordutik, 3 diska kaleratu dituzte jada: Made in Euskal Herria (2008an), Noa (2010) eta azken hau. Bestalde, 2009an, hainbat taldekidek, Esne Zopak-Esnesaltzailearena CD-DVDa ere kaleratu zuten. Bertan, trikitixa tradizionalari omenaldia egin nahi izan zion Solanok. Molde zaharrean jotako doinu berriekin osatutako diska honetan, trikitixa (Xabier Solano) eta panderoa entzuten dira soilik (Jon Mari Beasain).


Freedom Tour bira:
apirilak 21
Xarnege Eguna Festibala Bardozen.


apirilak 28
Clash aretoa. Berlin (Alemania).


apirilak 30
Alte Meierei aretoa. Kiel (Alemania).


maiatzak 1
Zurich (Suitza).


maiatzak 4
Caracol aretoa. Madril.

maiatzak 19
Mundumira Festibala. Eskoriatza.


maiatzak 26
Irun.


ekainak 30
Euskal Herria Zuzenean Festibala. Heleta.


uztailak 21
4Revenidas Festibala. Vilaxoan (Galizia).


abuztuak7
Ama Zuriaren festak. Gasteiz

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!