Sagardoaren Txapelketako aurtengo txapeldunak gaur erabakiko dira eta Oñatz aurrelari andoaindarraren jokoa klabea izango da. San Miguelen esanetan, Oñatzek debutantearen nerbioak kontrolpean baldin baditu, aukera haundia izango dute irabazteko. Andoaindarrak ere bere jokoa garrantzitsua izango dela uste du: «Nerekin sartzen saiatuko dira eta nik hor ondo erantzuten asmatu behar dut». Asmo horrekin aterako dira kantxara Juaristi eta Olazar: «San Miguel jokoan ahalik eta gutxien sartu dadin saiatuko gara». Finala, Galarretako jaialdiko bigarren partidua izango da eta aurrenekoa 16:00etan hasiko da. Bertara joan ezin duenak, telebistaz ikusteko aukera ere izango du 22:30etatik aurrera, ETBK Sat bidez.
Oñatz eta San Miguelek, material biziagoa
Atzo izan zen material aukeraketa eta Oñatz eta San Miguelek pelota biziagoak aukeratu zituzten, Doneztebeko atzelariaren esanetan, bere eta Andoaingo aurrelariaren indarra aprobetxatzeko. Juaristi eta Olazarrek denetarik aukeratu zuten, «egoera edozein izanda ere, partidura behar bezala egokitzeko».
Bigarren txapela
Juaristi eta Olazar iazko txapeldunak dira eta aukera haundia dute tituluari eusteko, izan ere, finalera partidu bakar bat galdu gabe iritsi dira. Dena dela, Oñatz eta San Miguelek ere txapelketa paregabea egin dute jokatutako bost partiduetatik lau irabazita.
Endika Barrenetxeak ere partidua gaur
Txapelketako partiduaz gain, beste hiru partidu jokatuko dira gaur eta hirugarren norgehiagokan Endika Barrenetxea hernaniarrak jokatuko du Zeberio IIarekin, Urriza eta Urkoren aurka.