Julen Giraldo entrenatzailea: «Igotzeko aukera badugu, baina partiduz partidu joan behar dugu»

Kronika - Erredakzioa 2012ko mar. 31a, 02:00

Areto futboleko taldea, Horbel Taberna, denboraldi ederra egiten ari da. Laugarren dago eta horrela jarraituz gero, Play Offa jokatuko luke. Gaur Kiroldegian jokatuko du, 18:30etan Hondarribiaren aurka eta, entrenatzaileari galdera batzuk egiteko aprobetxatu du Kronikak.

Bost partiduren faltan, laugarren zaudete Zaldibi­rekin berdinduta 45 puntutan, eta bigarrena eta lehenengoa 3 puntutara dauzkazue. Orain arte, nola baloratzen duzu denboraldia?
Egia esan denboraldi hasiera ez zen batere ona izan eta jende berria taldera egoki­tzea zen helburua. Dena dela, ia urtero gertatzen den bezala, azkenean beteranoak dira taldea aurrera ateratzen dutenak eta berriak desagertzen doaz, arrazoi desberdinak medio: lesioak, taldea uztea... Gabone­tatik aurrera, pixkat lehenxeago ere bai, irabazten hasi ginen eta bolada onean sartu ginen. Goiko postuetan zeudenengana hurbildu gi­nen, ordura arte puntu askoren aldea baldin bagenuen ere. Eta behin horraino iritsita, dena ematera goaz.

Horrela jarraituz gero, mailaz igotzeko aukera baduzue.
Aukera badugu, baina partiduz partidu joan behar dugu, gertatu daitekeenean pentsatu gabe. Gainera, orain arte horrela egin dugu eta horregatik lortu dugu orain arte lortu duguna.

Denboraldi honetan, Nazional B mailan zeuden bi talde ari dira jokatzen zuen mailan, diru arazoak tarteko. Zuek Euskal Ligara igoz gero, uste duzu arazoak izango zenituzketela maila horretan mantentzeko?
Hasteko, mantentzeko bai­no, uste dut arazoak izango genituzkeela dirua jartzeko ga­raian, maila horretan ari­tzeko. Izan ere, azken urte hauetan dexente kostatzen ari zaigu maila honetarako dirua lortzea. Beraz, ikusiko genuke.

Eta orokorrean, futbol salaren egoera nolakoa da?
Areto futbola indar gutxi duen kirola da Euskadin, izan ere, ez dago talderik Ohorezko Mailan, eta hori notatu egiten da. Hori saskibaloian ikusi besterik ez dago, sekulako aldaketa eman da ACBn taldea dagoenetik.

Gaurko partiduari begira, Hon­da­rribia 10garren dago, 14 partidu galdu dituzte... emaitzei erreparatuz, ez dirudi zailtasun haundiegirik izango duzuenik irabazteko. Sorpresarik izan liteke?
Hiru urte daramazkigu talde horren aurka jokatzen eta zerbait argi badugu, hori da beraiek esperientzia haundiko beteranoak direla eta asko kostatzen zaigula irabaztea. Gainera esango nuke irabazi adina partidu galdu ditugula euren kontra, beraz dena esana dago. Ezin gaitezke fidatu.

Euskal Ligara igotzeko aukera
Horbel Taberna taldeak Gipuz­koako Ligako lehenengo mailan jokatzen du egun. Mailaz igoko balitz, Euskal Ligan jokatuko luke. Mailaz igo, berez, talde bakarra igoko da, baina gehiago ere izan litezke zenbait egoeren arabera: mailaz jaisten diren taldeak desagertzea...

Lehenengo lau taldeen arteko Play Offa

Play Offa edo Igoera Fasea ligako lehenengo lau taldeen artean jokatuko da. Alde batetik, laugarrenak eta lehenengoak elkarren aurka jokatuko dute, lehenengoaren etxean, eta bestetik, hirugarrenak eta bigarrenak, bigarrenaren etxean. Ira­baz­ten dutenak elkarren aurka neurtuko dira eta irabazlea igoko da. Dena, partidu bakarrera.

SAILKAPENA
1.- Gure Txokoa       48 puntu
2.- Oiartzun             48 puntu
3.- Zaldibi               45 puntu 
4.- Horbel Taberna    45 puntu  
5.- Zurt Taberna       42 puntu
6.- Concepto C.        39 puntu
7.- Laskorain Ikastola 38 puntu
8.- Euskalduna         34 puntu
9.- Allerru Jaizkibel    25 puntu
10.- Hondarribia       15 puntu
11.- Gamon             13 puntu
12.- Gorka Pinturas   13 puntu  
13.- Azpeitiko           11 puntu
14.- Egintza               8 puntu 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!