plenoa izan zen asteartean Udalean, eta bertan, aztergai izan zituzten zortzi puntuak onartu ziren. Puntu horietako bat mozioa zen, Langilen plazarik gabe geratu ziren umeen gurasoek aurkeztutakoa. Mozioa Gobernu Taldearen eta EAJ-PNVren aldeko botuekin onartu zen; PSE-EEk aurka bozkatu zuen; eta H1 abstenitu egin zen. Mozioan gurasoek diote Hernaniko hainbat haurrek ez dutela aukerarik izango Euskal Eskola Publikoan matrikulatzeko; eta are gutxiago, gurasoentzat egokiena den ikastetxean matrikulatzeko: «20 haur geratu dira egindako aukeratik kanpo, eta horietatik 6-7 eskola publikoaren aukeratik kanpo. Iaz 30 izan ziren. Datorren urtean? Bi urte barru? Batek daki...». Arazoa Hernaniko herriarena dela diote mozioan, ez duelako eskaera asetzeko adina baliabiderik: «kanpotik erabaki dute hori, Hezkuntza sailetik hain zuzen, baina hernaniarrok pairatu behar dugu». Hori horrela, diote, arazoa ezin dela partxe batzuekin konpondu eta Hernaniko Udalak berea egin behar duela, konponbidearen bila buru belarri inplikatu behar duela. Beraz, Plenoak ondorengoa onartu zuen: «1. Hernaniko herrian, Hezkuntza sare publikoko eskaintzaren baitan, lerro berri bat zabaltzea. Hernaniarrok benetan izatea Euskal Eskola publiko, laiko eta kalitatezkoa. 2. Hezkuntza sailak soluzioak ematea aurten kanpo geratu diren haurrentzat, Euskal Eskola Publikoaren sailean; beti ere gainontzeko ikasleen hezkuntza kalitatea kaltetu gabe. Eta Hernaniko Ikastetxeei gainkargarik sortu gabe, ez baitu balio edozein preziotan gure haurrak kolokatzea, kaltea guztiontzat izango baita. 3. Konponbide hauek erabakitzerakoan, kontutan hartzea gurasoek aukeratutako hezkuntza eredua».
Musika Eskolako tasak eguneratu eta egokitu egingo dituzte
Plenoak onartu zituen beste bi puntu tasen ingurukoak izan ziren. Udalak KPIa igotzea aurreikusi du 2012-2013ko tasetan. Musika Eskolaren kasuan ordea, orekatzeko beharra ikusi dute. Azaldu dutenez, Musika Eskolako finantziazio eredua hiruren artean adostu zuten: Eusko Jaurlaritza, Udala eta erabiltzaileak. Gaur egun ordea, aldatu egin da: Udalak bere gain hartzen du %60a eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak murriztu egin dira. Ondorioz, eta Musika Eskolako funtzionamentua bermatzeko, tasak eguneratu eta egokitu egingo dituzte. Gaia modu partehartzailean landu dute Eskola Kontseiluarekin, eta bertan adostu dituzte igoeraren irizpideak eta proposamenak.