Lan Erreformaren kontra bi mozio onartu zituen Udalak

Kronika - Erredakzioa 2012ko mar. 30a, 02:00

Plenoa izan zen astearte arratsaldean Udalean. 8 puntu bozkatu zituzten: ohiko ebazpenenak, tasen inguruko bi puntu, eskualde mailako hitzarmen bat, eta hiru mozio. Kronikak, Lan Erreformaren inguruko bi mozioak azalduko ditu hurrengo lerroetan, eta gainerako puntuak, larunbateko Kronikan landuko ditu.

Bildu eta PSE-EEren mozioak, onartuta
Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zen Gobernu Taldearen, EAJ-PNVren eta H1!en aldeko botoekin; PSE-EE abstenitu egin zen. Bilduk mozioan dio, PPk onartutako Lan Erreforma langileen kontrako eraso bortitza dela, eta langile kopurua igotzeko ai­tzakiarekin, erreformaren asmo bakarra ezkutatzen dela: murrizketak egitea soldatetan eta kaleratzeagatik ordaindu  beharrekoan. Hori horrela onartu zuten: «1. Udalak Lan Erreforma salatu nahi du. Langileengan utzi na­hi dutelako enpresa-kudeaketa eskasa eta ekonomia-ere­du okerra. 2. Udalak es­katzen dio Espainiako Go­ber­nuari Erre­forma lehenbailehen indargabetzea. 3. Udalak Lan Ha­rremanen Eus­kal Es­pa­rrua indartzea eskatzen du, euskal herritarrek izan dezaten lan-merkatua arau­tzeko aukera».
Alderdi Sozialistaren mozioa berriz, PSE-EE, EAJ-PNV eta H1!en aldeko botoekin onartu zen eta Bildu abstenitu egin zen. Bertan ondorengo bi puntuak onartu ziren: «1. Plenoak erabat gaitzesten du Espainiako Gobernuak onartutako Lan Erreforma. Atzera pauso bat da, ez da justua eta ez ditu lanpostu gehiago sortuko. Gainera, lana suntsituko du eta lan baldintzak okertuko ditu. 2. Konbenio kolektiboa bertan behera uztea negoziazio kolektiboaren kontrako eraso bat da. Kontuan izan behar da negoziazio hauen bidez ezartzen direla lan baldintza asko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!