Greba Orokorra deitu dute gaur Hego Euskal Herrian zortzi sindikatuk, Rajoyren gobernuak otsailean onartu zuen Lan erreformaren kontra: ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, EHNE, HIRU, CCOO eta UGT sindikatuek. Mobilizazioak deitu dituzte goizean hiriburuetan eta arratsaldean herrietan, eta milaka pertsona ari dira bat egiten deialdiekin. Hernanin arratsaldeko 18:00etan aterako da manifestazioa, Plazatik.
Lanuztea oso haundia ari da izaten Hernanin, ia erabatekoa: erdiguneko komertzio guztiek itxi dute goizeko lehenengo ordutik. Baita ere, kate haundiek: Lidl, Dia, Eroski... Erakunde publikoek ere bat egin dute Grebarekin, eta Udala eta anbulatorioa zerbitzu minimoak ari dira ematen; autobus zerbitzuek ere, gauza bera egin dute. Herriko industriaguneetan, jarraipena zabala izaten ari da, enpresa haundi ia guztiek itxi baitute: Zikuñagako Papelera, AMR, Orona, UBIS, Celusosas Hernani...
Sindikatuak: «azken 20 urteetako haundiena»
Greba deitutako sindikatuek eman dituzte aurreneko datuan eta jarraipena ia erabatekoa izaten ari dela azaldu dute, bai Gipuzkoan eta baita Hego Euskal Herri guztian ere: «arrakastatsua izaten ari da, azken 20 urteetan egin den haundiena». Batez ere, industrian egindako jarraipena azpimarratu behar dugu, Mercedes eta Michelin bezelako enpresa haundiek itxi egin baitute».
Eusko Jaurlaritzak ere eman ditu Grebaren inguruko hainbat datu. Hauen arabera, Greba %71,90a ari da egiten. Sektoreak azpimarratuz, jarraipena batez ere Administrazioan, Hezkuntzan eta Justizian izaten ari dela gaineratu dute. Sektore pribatuari dagokionean, jarraipena %60-70ea dela diote.
Rajoyren gobernua: «ez dugu atzera egingo»
Greba Orokorra deitua dago espainiar estatuan ere. Rajoyren gobernuak ordea, argi utzi berri du bereari eutsiko diotela eta Lan Erreformak ez duela atzera bueltarik: «lanean jarraituko dugu egungo 5.300.000 langabetuek lana izan dezaten».