Greba Orokorra deitu dute bihar Euskal Herriko sindikatu gehienek, PPren Gobernuak otsailean dekretu bidez onartutako Lan Erreformaren kontra. Egun osoan zehar hainbat manifestazio deitu dituzte. Batetik, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deitu dituzte. Aurrenekoa goizean izango da, Donostian. Hiru zutabe aterako dira, eta Hernaniko bizilagunei Anoetako Estadiora joateko egin diete deia. Manifestazioa 11:45etan aterako da, eta 12:30etan egingo du bat manifestazio orokorrarekin, Artzain Onaren parean. Besteak, arratsaldean izango dira. Eskualdeka deitu dituzte, eta ohi bezala, Hernanin egingo da bat; arratsaldeko 18:00etan aterako da Plazatik. Bestetik, CCOO eta UGTk antolatu dituzte manifestazioak. Bi egingo dituzte, goiz eta arratsalde. 12:00etan eta 18:00etan aterako dira, Alderdi Ederretik.
ELA: «Langileok egin
behar dugu aurre gure bizi
balditzak hobetzeko»
ELAk egindako deialdian dio, langileek sindikatua beste biderik ez dutela politikariei aldaketak exijitzeko: «inongo menpekotasunik gabe egin behar diegu aurre, gure bizi baldintzak hobetu daitezen; bai gizarte gaietan eta baita lan baldintzetan ere».
Bestalde, Hernanin Grebarekin bat egin duten hainbat enpresa zehaztu dituzte: Ubis, Zikuñagako Papelera, Celulosas de Hernani, Ind. Seur...
LAB: «Euskal langileen eskubideak defendatu behar ditugu»
LABek egindako deialdian, argi du lan erreforma honek langileria pobrezia egoerara bultzatzen duela eta eskubide sozial guztiak desegiten dituztela: «krisi ekonomikoaren aitzakian neurri krudelak hartzen dira eta horren aurrean euskal langileriaren eskubideak defendatu behar dira».
CCOO: «Erreformak guztion eskubideak urratzen ditu»
Azkenik, CCOOk dio erreforma edonola inposatzea erabaki dutela eta honek guztien eskubideak urratzen dituela: «langileenak, langabetuenak, gazteenak, pentsiodunenak... Negoziaketa kolektiboa edukirik gabe uzten du».
Hernaniko Udalean, zerbitzu minimoak
HERNANIKO Udaleko eta Ongintza Patronatuko langileek bat egin dute biharko Greba deialdiarekin. Hori horrela, zerbitzu minimo batzuk ezarri dituzte, biharko: sarrera erregistroa, udaltzaingoa eta hilobiratze zerbitzua.
Greba ostegunean, gaueko 00:00etan hasten dela kontuan izanda, jakinarazi dute organikoa ez dela bilduko asteazken gauean. Eta azkenik, herritarrak gonbidatu dituzte Greba egitera, eta egun horretako mobilizazioetan parte hartzera.
Bloke feminista FNAC paretik aterako da
HERNANIKO Berdintasun Kontseiluak, Kafeta Feministak eta Txoko Feministak bat egin dute Greba deialdiarekin. Jakinarazi dute, Donostiako manifestazioan, bloke feminista FNAC paretik aterako dela, 11:45etan.
Kronikarik ez
Hernaniko Kronikako langileek bat egin dute Grebarekin eta bihar, osteguna, ez da Kronikarik izango.