Ekitaldi nagusiak igandean izango badira ere, larunbatean emango zaie hasiera Extremaduraren Inguruko XXgarren Jardunaldiei.
Beste urte batez, egoitza Donostian duen Extremadurako Kultur Etxeak bertako jakiez eta kulturaz gozatzeko aukera eskainiko du Hernanin.
Ikus-entzunezkoa
Larunbatean emango zaie hasiera Jardunaldiei. Arratsaldeko 19:30etan Extremadurari buruzko bideoak jarriko dira Biteri kultur etxean. Jarraian, poesia-errezitaldia izango da.
Denetariko azoka
Ekitaldi nagusiak igandean izango dira. Goizeko 10:00etarako prest izango da Atsegindegi plaza, eta bertaratzen denak Extremadurako produktu gastronomikoak dastatzeko aukera izango du.
Bestelako produktuek ere lekua izango dute azokan. Hala nola, Las Hurdes eta Guadalupeko esku langintza gaiak, liburuak eta Extremaduraren inguruko informazio turistikoa eskuragarri izango dira.
Dantza eta musika
Plaza girotzeko Extremadurako musika eta dantza herrikoiak ez dira faltako egun osoa zehar.
Eguerdiko 13:00etan izango da lehen emanaldia, Donostiako Extremadurako Kultur Etxeko Virgen de Guadalupe dantza taldearen eskutik.
Arratsaldeko 17:30etan berriz, eguerdiko emanaldia ikusi ezin izan duenak beste aukera bat izango du, Virgen de Guadalupe taldeak bigarren emanaldia eskainiko baitu.
Festa giroa ez da faltako egun osoan zehar, eta antolatzaileek, Hernanin bizi diren extremadurarrez gain, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte bertako kulturaz gozatzera.