ORIAMENDIKO Batalla modu modernoan eta eguneratuan ezagutzeko aukera dago joan den astetik, Aieteko kultur etxean. Erakusketa jarri dute, eta hitzaldiak eta bisitaldi gidatuak ere, antolatu dituzte. 175 urte bete dira aurten Guda hartatik, 1837ko martxoaren 15etik. Erakusketa ikusi nahi duenarentzat, ondorengo ordutegian dago zabalik: Astelehenetik ostiralera, 16:00-20:30etara; larunbatetan, 10:00-14:00etara eta 16:30-20:00etara; eta igandetan, 10:00-14:00etara.
Hitzaldiak eta irteerak
Hitzaldiei dagokienean, bi antolatu dituzte ordu berean, 19:30etan: apirilaren 26an, Oriamendi, 1837, Claudio Artesanoren eskutik; eta maiatzaren 3an, La Primera Carlistada de San Sebastian, Mikel Alberdik emana. Martxoaren 31n eta apirilaren 21ean berriz, bisita gidatuak antolatu dituzte Ormaiztegiko Zumalakarregi museora; 10 euroan.
Oriamendiko guda
1837ko matxoan, Lehenengo Gerra Karlistan, armada liberalak gerra bukatu nahi zuen errege-kuartel karlista konkistatuta. Inguratze mugimenduak egin zituzten Iruñeako Sarsfield, Bilboko Espartero eta Donostiako Lacy Evans generalekin. Hala, hauen laguntzarekin, liberalek Donostia hiriaren goialdea konkistatu zuten, karlisten erresistentzia gogorrari aurre egin ondoren. Martxoaren 15ean Oriamendiko gotorlekua menderatu zuten eta Karlistak behartu zituzten Santa Barbarako gotorlekuan eta Hernanin babestera.
Biharamunean, Infante Don Sebastian iritsi zen Hernanira eta tropa karlistak indarberritu zituen. Kontraeraso odoltsu bat burutu zuten, eta Liberalei Oriamendi kendu zieten. Guda horrek hildako asko utzi zituen Britaniar legioan, eta hauek justu-justu lortu zuten Donostian babestea. Britaniar itsas armadak artilleria ontzi bat zuen Donostiako badian, eta liberalei atzera egiten lagun zien.
Liberalen bandoan 1.500 pertsona hil ziren; eta karlistek, horren erdia galdu zituzten. Eskandalua Britaniar parlamenturaino iritsi zen, izan ere, porrot hori golpe gogorra izan zen Britaniar Inperioarentzat.