ORAIN arte bezala, Nere Borda parke botanikoa loreekin apaintzeko asmoa zuen negu hasieran Manu Iradik, parkeko arduradunak. Azaro bukaeran eta abendu hasieran landatzen ditu urtero, neguko loreak. Azken txanda honetan ordea, uholdeek galerazi diote urteroko tradizioa. Portu auzoan izaten zituen loreak koxkortzen, eta azaroaren 6ko uholdeek guztia eraman zuten.
Aspalditik, buruan
Eta orain zer? Galdera horri hainbat buelta eman zizkion Iradik. Udalera jo, eta krisi garaian lore berriak erosteko dirurik ez zegoela jakinarazi zioten. Pena haundirik gabe, berehala pentsatu zuen alternatiba. Buruan aspalditik zebilkien baratza bat jartzea, eta aukera hau ederra izan zitekeen. Hala, kontsultatu, eta arazorik ez zegoela ikusita, berehala ekin zion helburu berriari. Usurbildik ekarri zituen landareak, garaian garaikoak: aza, letxugak, loloak, illarrak... babak ere landatu omen zituen, nahiz eta txoriek hazi guztiak jan. Hala, baratzak forma hartu zuen, eta landare asko koxkortu dira dagoeneko. Orain, biltzeko garaia iristen denean, zer egin pentsatzen dabil Iradi. Akaso, bertatik paseatzen dabilen herritarren batek jasoko du sariren bat noiz edo noiz.
Bildutakoan,
berriz ere landatu
Nere Borda parkeko leku hori loreen txokoa bazen ere, egun duen baratza izaera mantenduko du Iradik. Gustura dago, eta garaian garaiko landareak landatzen jarraitzeko asmoa duela aitortu dio Kronikari. «Orain da sasoirik onena, eta landatua dagoena jasotzean, berehala jarriko dut beste zerbait».
Tortoka bat, esnatu da
Ehundaka urte dituzten zuhaitzak, palmerak... Parke Botanikoa da Nere Borda eta arrain eta tortokak ere, badaude bertan. Iradik azaldutakoaren arabera, tortoketako bat gainera, esnatu da. Negua lo pasatzen dute ur azpiko zulotxoetan, ura hoztu egiten baita. Udaberriarekin batera berriz, ura epeltzen joaten da, eta tortokak esnatzen. Nere Bordan lau tortoka daude, bi haundi eta bi txiki. Eta dirudinez, bat esnatu da. Datozen egunetan, eguzkiak berotu ahala, guztiak ikusteko aukera izango da.