Hernaniko Txistulari Jaialdiaren bigarren eta azken eguna izango da gaur. Hernaniko eta inguruko txistulariek topaketa egingo dute. Donostia, Lasarte, Pasaia eta beste hainbat herritatik etorriko dira. Guztiak elkartu eta Hernaniko kaleak alaituko dituzte egun osoan zehar. Goizeko 10:00etan hasiko dira, Kaxkoan zehar diana joko dute elkarrekin. Ondoren, 12:30etan, ttun-ttuna joko dute Plaza Berrin, herritarrak dantzan jartzeko asmoarekin (eguraldi txarra egingo balu, udaletxeko arkupetan). Atseden txiki bat hartu eta bazkaltzera joango dira guztiak elkarrekin, Santa Barbara elkartera (aldez aurretik eman behar zen izena). Arratsaldean, berriz, 18:00etan, kalejiran ibiliko dira, herrian barrena.
Txistulari finak, Iruñean
Txistulari Gazteen Txapelketa jokatu zen atzo hiru mailatan, eta lehenengo hiru sariak Iruñeara joan ziren. A kategorian (12 urte arte), Amaia Erasok irabazi zuen, B kategorian (13-16 urte bitarte), Ainara Martinezek eta D kategorian (taldeak), Iruñea taldeak. Denera 62 parte hartzaile izan ziren Euskal Herriko 18 herri ordezkatuz.