Denbora azkar joaten omen zaigu, gustura gaudenean. Zailtasunak ere ez dira gutxi izan, baina orokorrean, ziztu batean pasa dira 25 urte, Joxan Goikoetxearen ustetan.
Hernani’ Musika Eskola Publikoak zilarrezko ezteiak ospatu zituen orain bi urte, eta lan handia egin ondoren, azkenean argitaratu dituzte urte hauetako ibilbidea jaso-tzen duten liburu eta diska.
Orain konturatzen gara zein garrantzitsua den gauzak gordetzea», dio Joxan Goikoetxeak, Musika Eskolako irakasle eta liburuaren koordinatzaileetako batek. «Lan potoloa da; 300 argazkitik gora, 56 kantu, eta urte hauetako hainbat datu biltzea lortu dugu, batzuk galdu diren arren».
Liburua argitaratzearen helburua, biltzea dela dio. «Hernani musikari oso lotuta egon da beti, baita Musika Eskolari ere. 1800 ikasletik gora izan ditugu; gutxi gora-behera, 10 biztanletik 1 hemendik pasa da. Herriak festetan Musika Eskola omentzea ere oso esangura-tsua da. Hori guztia, egindako bidea, bildu nahi izan dugu, eta honek, hausnarketarako balioko digu; behin inflexio puntu honetara iritsita, aurrera egiteko».
25 baino gehiago
Ofizialki ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoa bihurtuko zenak eskainitako lehen ikasturtea 1985-86koa izan bazen ere, askoz ere lehenagokoa da hernaniarren musikarako joera.
1531ko dokumentu batek jada, Udalaren musika zerbi-tzua betetzen zuten danbolinei (egungo txistulariei), San Joan jaietan jotzeagatik egindako ordainketa bat jasotzen du. Txistulari horiek noiz eta nola hasi ote ziren musika ikasten ez dakigu, baina argi dago aspaldiko kontuez ari garela.
Bestalde, aski ezaguna da 1864an sortu zen Hernaniko Musika Banda. Manuel Sanchez Salvador izan zen lehenengo zuzendaria, baina lehenago hasi zen Musika Eskolak ematen. Horren harira, 1877rako eta beti ere Bandaren zuzendaritzari lotuta, musika akademia moduko bat itxura hartzen hasi zen. Hernaniko Udal Musika Akademiarentzako lehen araudia 1891n sortu zen. Bandako zuzendaria hautatzeko lehen deialdia egin zuen orduan Udalak, Akademiaren ardura bere gain hartuz, eta Manuel Zendoia izendatu zuten Bandako zuzendari eta Parrokiko organista. Horrela, Udal Musika Akademiaren oinarriak ezarri ziren. Izan ere, solfeoa eta hainbat musika-tresna jotzen irakastea zen Bandako zuzendariaren lana, eta bertako musikariek lehentasuna bazuten ere, herritar guztiei zabaltzen zitzaien eskaintza. Aukera hori aprobetxatu zuten adibidez, gerora txistulari ezagun egingo ziren Ansorena anaiak.
Urteek aurrera egin ahala, Akademia eta Musika Banda sendotuz joan ziren. Lehen egituratze garai hartatik ia 100 urte geroago, 1982an, hauxe zen Akademiaren itxura: Juan Jose Iruretagoienak, oraindik Musika Bandako zuzendari zenak, solfeo eskolak ematen zituen; Manuel Sagarnak, bi urteren buruan Bandako zuzendaritza eskuratuko zuenak, egurrezko soinu-tresnak jotzen irakasteko ardura zuen; Jose Luis Fernandezek, metalezkoen ardura zuen; Antonio Insaustik, Txobitok, txistua irakasten zuen, Mila Bergararen laguntzarekin; eta Manuel Yabenek piano eta akordeoi eskolak ematen zituen.
Udal Musika Akademiak, pixkanaka, eskaintza zabaldu ahala ordea, ikasle kopuruak behera egin zuen. 1983-84ko ikasturtean ikasle gutxi zeuden orokorrean. Txistua zen salbuespen bakarra, 42 ikasle baitzeuden, eta beste 4 atabalarekin.
Apustu sendoa
Udal Musika Akademia ez zegoen bere egoera onenean 83ko ikasturte hartan. Baina 1981etik indarra hartzen hasi zen proiektu batek bultzada eman zion herriko panoramari. Imanol Urbietak Donostian martxan jarritako Txirula-mirula egitasmoa Hernaniko Udalean aurkeztu zen 83an. Horrek, sekulako bultzada eman zion Hernaniko Udal Musika Akademiari, 120 ikasle berrik eman baitzuten izena. Musikaren pedagogia eredua eraldatzen zuen proiektu hark, gitarra eskolak eskaintzen zituen proiektuaren baitan. Hala ere, nahiz eta bien arteko elkarlana haundia izan, bere bidea jarraituko zuen Txirula-mirulak. Hernaniko egitasmoaren gidaritza Fernando Ederrak hartuko zuen, gerora Kantuz Musika Eskola eratzeko.
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemaren ardura bere gain hartu zuen, eta horrek, ate berriak irekitzen zizkien musika eskolei ere. Gainera, Foru Aldundia musika-tresnak erosteko dirulaguntzak ematen hasi zen.
Egoera hura pasatzen utzi nahi ez, eta orduko alkate Rikardo Mendiolak eta kultur zinegotzi Koro Etxeberriak, Udal Musika Eskola Publiko baten aldeko apustu sendoa egin zuten. Lehen aldiz, eta orduko legediaren arabera kontserbatorio izaera lortzeko beharrezkoa zelako, piano irakasle bat kontratatu zen: Montserrat Auzmendi del Solar. Horrek, piano ikasle berriak erakarri zituen. Baina horrekin batera, gerora ‘Hernani’ Musika Eskolaren bereizgarrietako bat bilakatuko zen ezaugarri baten alde egin zuen Udalak: beharrezko ikusi zuen euskal soinu-tresna herrikoiak ikasteko aukera eskaintzea.
Horrela, 1985-86ko ikasturte hartan eman zitzaion hasiera ia ofiziala laster ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoa bilakatuko zenari. Montserrat Auzmendiz gain, beste hiru irakasle kontratatu zituen Udalak. Arantza Alberdi, solfeo eta piano eskolak emateko; Juan Mari Beltran, txistua, alboka, dul-tzaina eta txalaparta irakasteko; eta Joxan Goikoetxea, akordeoi eskoletarako.
Legediaren arabera ordea, musika eskola izaera lortzeko bi baldintza bete behar ziren oraindik: biolin eta saxofoi edo klarinete irakasle bana izatea. Horrela kontratatu ziren Eduardo Lassalette eta Erramun Oiarzabal.
Ordutik aurrera, eskaintza zabaltzen joan zen, eta ikasle matrikulazioek gora egin zuten. 86-87ko hamarkadan lortu zuen eskolak ‘Zentro Ez Ofizial Onartua’ izendapena, 1992an indarrean jarritako HSAOL (LOGSE, gazteleraz) legeak Oinarrizko Mailako Musika Eskola bilakatuko zuena.
Urrearen bila
Gaur egun, musika eskola «inflexio puntu batean, 2. fase baten atarian» dagoela dio Goikoetxeak. Atzera begiratu eta gauza handiak lortu direla ikusten du, eta orain, garaiak aldatzen ari direla uste du.
«Hernanik oso izaera berezia du kulturarekiko, eta hori oso markatua dago, agerikoa baita herri-musikarekiko hernaniarren sentsibilizazioa». Egun normaltzat jotzen badugu ere, garai hartan txalaparta edota alboka ia desagertzeko puntuan zeudela gogorarazten du Goikoetxeak.
Horrez gain, «88tik hona, iganderoko ikasleen kale-bueltak sortu eta finkatu» egin direla azpimarratzen du, eta «kontzertu zikloen bitartez, ia 200 emanaldi eskaini» dituztela.
Era berean, Kontserbatorio bihurtu beharrean Musika Eskolaren aldeko apustua egin izana herriarentzat onuragarri izan dela irizten dio. «Oinarrizko mailako ikasketak eskaintzen dituen eskola da hau. Helburua, oinarrizko formakuntza ematea da; profesional izatera heldu gabe, taldean jotzen jarraitzeko aukera ematea. Horrek dinamika musikal indartsua sortu du herrian. Hala ere, profesional izan nahi duenari oinarria eman eta bere garapena bideratzeko bultzada ematea ere gure lana da. Horrela, badira ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoan hasi eta goi-mailako ikasketak egin dituzten ikasleak ere».
Guztia ez da erraza izan, ordea. Goikoetxeak, atzera begiratze honetan, hainbat oztopo aurkitu ditu. «Musika Eskola liskar politikoek baldintzatuta egon da beti, eta irakasleon iritzia ez da beti kontuan hartu», gogoratzen du, eraikin aldaketa egin zeneko garaitik. 1997an, 400 ikasle inguru zituen musika eskolak. Garai hartan, udale-txeko azken solairuan ematen ziren eskolak, eta egoera hark ezin zuen luzaroan iraun. 1997an beraz, egungo eraikin berrituan hasi zuen ikasturtea eskolak. «Ordurako irakasleok hainbat txosten prestatu genituen, gure beharrak zein ziren azalduz, eta eraikin berri hark konpontzen ez zuen espazio falta nabarmenduz. Baina ez ziguten kasu haundirik egin».
Orain Kultur Gune batez hitz egiten da, baina Goikoetxeak ez du argi hori ote den behar dena. «Egoera zaila da. Aisirako eskaintza zabala dago gaur egun, eta musikaz gain, jendeak beste aukera batzuk ditu eskura. Musika, aisirako jarduera gisa geldotzen ari da, eta krisi ekonomikoa dela eta, Udalak ezingo du luzaroan eskaintza mantendu. Oraingoz behin-tzat, eskaintza ezin da inolaz ere zabaldu».
Bestalde, orain lege-dekretu berri bat indarrean jarriko da. Honek, beste gauza ba-tzuen artean, ikasle bakoitzari eskaintzen zaion denbora murriztera behartuko ditu irakasleak, eta matrikulen prezioek gora egingo dute.
Garai berrietara moldatu beharra dagoela eta, Iñaki Eguren, musika eskolako egungo zuzendariak IHP (Ikastetxearen Heziketa Proiektua) dokumentua mar-txan jarri duela azaldu du Goikoetxeak. «Dokumentu honek eskolako organizazio integrala berrantolatzen lagunduko digu, ildo pedagogiko, administratibo eta antolakuntza ildotik».
Ezinbestean, garai berrietara egokitu beharko du eskolak. Zailtasunak izango diren arren, Goikoetxeak argi ikusten du ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoak segida izango duela oraindik ere.
«2. fase batean sartu gara, eta aldaketak etorriko dira. Baina Hernanik musikarekin duen lotura haundia, herritarrek egindako lana eta eskolatik pasa diren ikasle eta irakasleen inplikazio maila oso altua da. Urtetako lana bere fruituak ematen ari da, eta oinarri sendoa dago Hernanin».
Beste herri batzuetan, Musika Bandak desagertu izana eta Hernanin berriz, Bandak 150 urte bete izana, oinarri sendo horren adibide garbi gisa ikusten du. Udal Musika Akademiak ere, herri askotan izan dira, baina toki gutxitan jarraitu dute mar-txan, batere etenaldirik gabe, Hernanin gertatu den moduan.
Guztiarekin, balorazio positiboa egiten du Goikoetxeak. Liburu eta diska honek zapore ona utzi die, eta bide batez, ikasleentzako material pedagogiko ona dela azpimarratzen du. «Asko harritu egin dira beraiek sortutako musika diskan entzutean!»