Jubeniletan, Leonet eta Murgiondok jokatuko dute Urnietako Loitegi eta Lizasoren kontra.
Seniorretan, Esnal eta Esnaolak aurrez aurre izango dituzte Usurbilgo Mendizabal eta Catalina.
TRINKETEAN, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da gaur arratsaldean Donostiako Gaska pelotalekuan, eta Hernanik bi bikoteren ordezkaritza izango du bertan. Jubeniletan, Leonet eta Murgiondok jokatuko dute final haundia; eta seniorretan, Esnal eta Esnaolak. Finalak 15:15etan hasiko dira, eta hernaniarren partiduak bigarrena eta hirugarrena izango dira.
Partidu zaila,
jubeniletakoa
Jon Leonet eta Aritz Murgiondo hernaniarrek Urnietako Loitegi eta Lizasoren kontra jokatuko dute. Partidua zaila izango da, Loitegi mailako pelotaririk onenetakoa baita; sake gogorra du eta aldea nabarmena izaten da. Hernaniko bikoteak geroz eta hobeto jokatzen du, eta egun borobila badute, Urnietako bikotea gainditu dezakete.
Seniorretan,
Esnaola espezialista
Senior mailan, bikote hernaniarra izango da faboritoa. Esnal eta Esnaolak jokatuko dute, Usurbilgo Mendizabal eta Catalinaren kontra. Hernaniko atzelaria, Esnaola, espezialista da trinketean eta hori nabaria izaten da pelotalekuan. Esnalek berriz, ez du esperientzia haundirik trinketean, baina pelotari beteranoa da eta betiko moduan, duen guztia emango du partidua irabazteko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!