Pelotako bi oilar aurrez aurre izango dira gaur, Berria Txapelketako final haundian: Zazpi Iturri eta Aurrera Saiz. Biak ziren finalera iristeko faboritoak, eta orain, batek hartu du titulu hori, Zazpi Iturrik. Kadete eta jubeniletan partiduak irabazteko faborito garbiak dira; eta seniorretan, partidu berdindua espero da. Hortaz, azken orduko ustekaberik ezean, aukera haundia dute amezketarrek Berria Txapelketa irabazteko. Urteroko tradizioari eutsiz, Hernaniko Kiroldegiko pelotalekuan jokatuko da final haundia, Berria Txapelketako 9garren edizioa izango dena. Partiduak arratsaldeko 16:30etan hasiko dira.
Lau promesa,
kadetetan
Kadetetako partiduan Zazpi Iturri taldea aterako da faborito, nahiz eta jokatuko duten lau pelotariak maila ikaragarria duten. Chiapuso eta Aburuzak txapelketa bikaina egin dute eta bikote gogorra osatzen dute; baina Zazpi Iturriko bikoteak ez du nolanahiko curriculuma. Altuna aurrelaria egungo Euskal Herriko txapelduna da, eta Erasun atzelaria, azpitxapelduna, txapelketa berean.
Jubeniletan ere, Zazpi Iturrikoak EH txapeldun
Zazpi Iturrik jubeniletan duen bikotea ere, arrazoi beragatik izango da faboritoa gaurko finalean. Kasu honetan, Iribarria eta Tolosa, biak dira Euskal Herriko txapeldunak. Bikote sendoa osatzen dute, eta egun duten mailarekin, senior mailako bikote askori irabazteko gai izango lirateke. Aurrean Labaka eta Elustondo izango dituzte: bikote zaila, txapelketa oso ona egiten ari dena.
Seniorretako partidua,
parekatuena
Seniorretako partidua izango da ziurrenik, finaleko parekatuena. Aurrea Saiaz saiatuko da irabazten, eta hala, klubaren ohorea salbatzen. Kategoriako bikote onenetakoa dute klubean, Urbieta II eta Telletxea. Aurka, Zazpi Iturriko bikote gaztea izango dute, Olaetxea II eta Santxez. Etorkizun haundiko bikotea dira, baina gorabehera dexente izan dituzte txapelketan zehar.
Etorkizuneko
profesionalak,
Berria txapelketan
Profesional mailara iristea da pelotari ororen ametsa. Berria Txapelketan, pausu hori emango duten askok hartzen dute parte; beheko mailetan punta-puntan dabiltzan pelotariek. Gaur Kiroldegira gerturatzen diren pelotazaleek, etorkizuneko promesak ezagutzeko aukera izango dute, eta nola ez, pelotaz bere osotasunean gozatzekoa.