Urumea ibaiaren Hernaniko partea garbitzeko deialdia egin du Urgarden taldeak. Hitzordua gaur da, eguerdiko 12:00etan, Karabelgo zubi zaharrean. Urgarden, Gipuzkoako ibaietako hondakinak garbitzeko asmoz sortu den boluntario taldea da eta herritarrei dei egiten diete beraiekin batera ekimenean parte hartzeko, «denon artean arazoa konpondu baitezakegu». Eta gaineratu dute: «Proiektu hau ez da bakarrik ingurumenari lotutako ekintza bat, helburu du baita ere jatorri ezberdinetako pertsonak elkartu eta tarte atsegina pasaraztea».
Hernaniko Udalak bat egin du ekimenarekin eta hondakinak biltzeko materiala jarriko du.
Hausnarketarako bidea
Hondakin ugari uholdeen eraginez pilatu badira ere, Urgardeneko kideek zalantzak dituzte uholdeez gain, hondakin pilaketaren jatorria ez ote dagoen hainbat pertsonen jokaera arduragabean. «Horrez gain, geure buruari galdetzen diogu zergatik administrazioek uzten duten hainbeste hondakin egotea hainbeste denboran. Jendeak horren inguruan hausnartzea nahi dugu».
Hurrengo hitzordua, Martutenen
Proiektua martxoaren 10ean jarri zuten martxan. Ibaiondo inguruan aritu ziren hondakinak biltzen, bi orduz, 7 emakumezko. Gaur ere Hernanin ariko dira, baina asmoa da Urumearen beheko zatiko gune ezberdinak garbitzea. 2-3 astero egingo dute hitzordua eta hurrengoa apirilaren 7an izango da, Martutenen. Oria ibaia ere garbitzeko asmoa dago, Usurbil eta Andoainen. Informazio gehiago: urgardenbai.blogspot.com.
AGENDA
Urumea
Gaur - Hernani (12:00)
Apirilak 7 - Martutene (12:00)
Apirilak 21 - Astigarraga (12:00)
Maiatzak 13 - Martutene (09:00)
Oria
Ekainak 2 - Andoain (10:00)
Ekainak 16 - Usurbil (10:00)