«Ardia ez da hainbeste apreziatzen orain»

Kronika - Erredakzioa 2012ko mar. 20a, 01:00

Atzo martxoak 19. San Jose Eguna, aitaren eguna eta ohiturari jarraituz, arkumea jateko eguna. Joxe Salaberriaren eguna, beraz. Salaberria, Joxe eta aita izateaz gain, artzaina ere badelako eta Kronikak berarekin hizketalditxo bat egiteko aitzakia ederra dela pentsatu du.

Goizeko 10:00etan egin dugu zita Osiñaga auzoko Fermiñenea baserrian. Istri­pu txiki bat tarteko, kazetaria berandutu egin da eta kan­poan dira zain senar-emaz­teak. Ardiak Altzuetako sagastietara eraman aurretik, galderak erantzuteko tarte bat hartu du izatez goizuetarra den artzainak. Artzain izatea afizioa da Salaberriarentzat, baina bere aurrekoak hortik bizi izan ziren. Herentziatik datozkio beraz ardiak; aitonaren­gandik. Familian artaldea dutela 100 urtetik gora badirela dio eta berak txiki-txikitatik izan duela ardiekin tratua: «Aitonari laguntzen nion mutikoxkorra nintzela». Artzain onaren sekretuak jakin nahian, ze zelaietara eramaten dituen galdetu diogu: «Neguan Altzuetako sagastietara eramaten ditut. Otsuen-Txiki ingurura ere bai. Eta udan Goizuetara». Han oraindik mantentzen du bere baserri zaharra, Maioko Bordaxar baserria. «Jateko berriz, belarra eta artale batzuk pentsutarako», dio.

37 urterekin Hernanira
Salaberria goizuetarra da, bere emaztea bezalaxe, eta 37 urte zituenean etorri ziren Her­nanira bizitzera. 41 urte egin dituzte bertan. Azken 23 urteetan Fermiñenean bizitu izan badira ere, ez da hasie­ratik izan euren bizileku. Hasieran, Txonkoenean bizi­tu izan ziren. «Berez, 10 urteko kontratua egin genuen eta azkenean 18 urte egin genituen bertan». Eta gogoratzen du Fermiñenea beti izan zuela begiz joa: «Beti, aurretik pasatzean, begiratu egiten nion».

Lan ugaritan ibilia
Oso gazte zela hasi zen lanean Salaberria. «Famili haundia ginen eta lan egin beharra zegoen», dio. «16 urte egiteko nituela minetan hasi nintzen lanean. Minetan urte eta erdi egin eta laba­deroak montatzen aritu nin­tzen ge­ro». Handik, mendial­dera jo zuen, ikatza egitera. Solda­dutza arte aritu zen. Bueltan, pinuak aldatzen egin zuen lan dozena erdi urtez. Mendia utzi eta fabrikara. Leitzako papele­ran aritu zen. «Oinez joaten nintzen eta orduan ez zegoen pistarik», gogoratzen du. Leitzatik Goizuetara bueltatu zen sukalde altza­rien en­presa batean lan egitera. Itxi egin zuten ordea. Lanean egin dituen azken 27 urteak, Zikuñagako pape­leran egin ditu eta 14 urte dira jubilatu zela.

«Ardi larrua 500 pezeta pagatzen zuten lehen»
Arkume garaia da eta gazta eta mamia egiteko garaia ere bai. Zerbait saltzen duen galdetuta ezetz erantzun du Salaberriak. «Garai batean esnea saltzen genuen, baina gaur egun ez. Ardia eta ardi esnea ez da hainbeste apre­ziatzen orain. Lehen larrua 500 pe­zeta pagatzen zituz­ten, orain zakarretara bota­tzen da. Ilearekin berdin». Orain etxe­rako gordetzen dute esnea. «Gaztanbera (ma­mia) egiten dugu. Neri asko gus­tatzen zait eta ilobei ere bai». Ardiak jeztera goizean eta ilunabarrean joaten da. Egun, artalde txikiagoa du Salaberriak, baina 131 ardi iza­nak ditu, «suben­tzioak hasi ziren garaian izan nuen, 131 buruko artaldea».

Laguntzaile leialak
Joan den hilean bete zituen 78 urte Salaberriak, eta sasoi ederrean badago ere, ilobek laguntzen diotela aipatu du: «Oso leialak dira. Hori bai, denborarik ez dute izaten. Bik, esaterako, errugbian jokatzen dute». Ilobez gain, beste la­gun­tzaile bat ere badu Salabe­rriak: Txuri. «Egoskorra da, ni bezela. Ez du aditzen», dio. Hala ere, errieta txiki ar­tean, txukun-txukun jarri dio artaldea Altzueta bidean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!