Puntu bat falta, Landare lehertzeko

Kronika - Erredakzioa 2012ko mar. 19a, 01:00

Hernanik irabazi zuen partidua (13-7), eta Cisnerosek play offa, puntu baten aldeagatik. 2.500 pertsona bildu ziren atzo Landaren.

Madrilen 23-16 galduta, atzo 7 puntuko aldeagatik ira­bazi behar zuen Hernanik, Cis­nerosen kontra, Ohorezko A mailara igotzeko. Irabazi zuen, baina 6 puntugatik, 13-7, eta beraz, puntu batega­tik Cisneros igoko da mailaz.

Bi zigor golpe, 6-0.
Kaxkoraino, Landareko orruak

Landarek gainezka egin zuen atzo. Bazter guztietan jendea, zahar eta gazte, errugbi taldea animatzera joanak. Gogor hasi zen partidua, 10 minu­tuan,
0-0. Eta Hernanik lehe­nengo zigor golpe bat eta drop bat sartu zi­tuen. Genuak bat, eta Gar­mendia­k bestea. 6-0. Orruak Kaxkoraino iritsi ziren.
Defentsa lana hasi zuten bi taldeek, hortik aurrera. Inor ez gailentzen. Jo eta jo, Herna­nik gehixeago zela ematen zuen. Beste zigor golpe bat, Herna­ni­ren alde, eta haga jo zuen baloiak. Ez zuten etsi. Baloia zelai erdian zebilen, orain batera, orain bestera. Halako batean, ondo zabaldu zuten jokoa hernaniarrek, eta Casa­dok atzean utzi zituen aur­ka­riak... 20 metroko esprina, eta metro baten faltan... pla­kajea. Entsaiorik ez. Lehenengo zatia hor bukatu zen.

Cisnerosen entsaioa, euri zaparrada baino hotzagoa
Bigarren zatian Cisneros egu­rrean atera zen. Indarrean gehiago ziren madrildarrak, eta asko nekatu ziren defen­tsan hernaniarrak. Minutu estuenetan, ordea, zigor gol­pea Hernaniren alde. Eta berriz haga jo zuen baloiak. Ani­moak estu ziren, puntu bat gehiago behar, eta iristen ez.
25 minuturen faltan, Cisne­rosek lortu zuen entsaioa, eta ordurako hasia zuen euriak baino gehiago hoztu zuen giroa, gauzaketak. 6-7.  

Bukaeran, hortzak erakutsi
Indarra hartu zuen Cisnero­s­ek. Bigarren entsaioa hortxe izan zuen, baina huts. Eta bi zigor golpe, aukera-auke­ra­koak, eta huts.
Berpiztu egin ziren herna­nia­rrak. Erreserbako indarrak gordeak zituzten Polidoriren mutilek, eta baloia punta ba­tetik beste mugituta, en­tsaioa lortu zuen Olanok. Eta gau­zaketa, Genuak. 13-7. Hiru mi­nutu partidua bukatzeko. Hor­tzak erakutsi zituen, baina pun­tu bat falta izan zitzaion Hernaniri, Landare lehertze­ko.

Bukaeran, txalo zaparrada Cisnerosi, eta txalo zaparrada Her­naniri. Jokalariek pasilloa egin zioten elkarri, eta jendeak pasilloa egin zien jokalariei.
Atzo Landaren festa ederra bizitu zuten hernaniarrek. Oraingoa gazi bukatu bada ere, badu beste aukera bat mailaz igotzeko, eta berriz ere, jendeak lagunduko dio. 

«Ez dugu etsi, bada beste aukera bat»

Hernanik badu beste au­ke­ra bat aurten mailaz igotzeko.  Aukera zailagoa da, baina ez da ezinezkoa, eta Hernanik baliatu egingo du, esfortzua eskatuko badio ere.

Oso garbi dauka, Joxe Elo­se­gik, errugbi taldeko ardura­du­netako batek: «Zailagoa da, baina guk ez dugu etsi. Ho­rretarako bi eliminatoria pasa behar ditugu. Lehenengoa Bera Beraren kontra, eta hari irabaziz gero, Ohorezko A mai­latik jaisten denaren kon­tra». Bera Berari aurten bi partidu irabazi dizkio Her­nanik, eta beraz, lehenengo eliminatoria pasatzea oso posible da. Martxoaren 25ean jokatuko dute joaneko par­ti­dua, eta apirilaren 15ean buel­takoa. Irabazten duenak pro­mozioa jokatuko du, Vigo edo Alcobendasen kontra. «Oho­rez­ko A mailan jokatu dute bi talde horiek, aurten, eta lezia­tuta datoz. Baina buru-makur ere bai, urte guztian galdu eta galdu egin dutelako». 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!