Etxeko telefonoa ari da joka, eta ohikoa den moduan Gari Arruarteren senideek gogotsu hartzen dute deia. Minez dagoela esan die gaurkoan… «Ikaragarria da maite duzun pertsonak espetxetik deitu eta min haundiz dagoela esaten dizun momentua», dio Izarok, bere arrebak. Medikuak emandako pastillak hartu ditu, baina mina kendu ez diotenez, medikuarenerako zita eskatu duela azaldu die Arruartek. Baina zita eskatuta ere, ez dutela ateratzen. Une horretan aparatuak deia moztu du, 5 minutuak bukatu direlako.
Asteazkenetik, zerrendan
Pasa den asteazkenean zabaldu zen berria, Gari Arruarte hernaniarra gaixo larrien zerrendan sartu zuten, bizi duen gaixotasun degeneratiboa medio. Espondilitis gaixotasuna dauka Arruartek, eta gaixotasun degeneratiboa izanik, senideak kezkatuta daude: «Egun badakigu zein den Garik duen gaixotasuna, eta oso kezkatuta gaude. Bizi duen egoerak ez dio onik egiten, eta espetxeko urteen eraginez, gaixotasunak azkar egin lezake okerrera», dio arrebak.
Gaixo larrien zerrenda Jaiki Hadi elkarteko mediku eta psikologoek egiten dute. Gaixo dauden presoen diagnostikoak ezagutzen dituzte eta ondoren, euren mediku txostenak aztertuta egiten dute zerrenda. Balorazio horretan aztertzen dute kasuz kasu, gaixotasunaren larritasuna, eta espetxean egoteak duen eragina.
Senitartekoentzat ere, oso gogorra da Gari kartzelan, horrela ikustea: «gogorra da kartzelara bisitan joan, eta Gari horrela ikustea. Bisitak irauten dituen 40 minutuak eserita pasa ezin dituenez, kristalaren beste aldean estiramenduak egiten aritzen da. Zaila izaten da, etxera itzultzean bere mina arintzeko ezin duzula ezer egin pentsatzea ere».
Kode penalak aurreikusten du gaixo larriak eta
sendaezinak aske uztea
Jaiki Hadi elkarteak jakinarazi duenez, Espainiako Kode Penalak aurreikusten du 80garren eta 92garren artikuluetan gaixo larri eta sendaezinak askatasunean uztea. 100.2 artikuluak ere aukera berdintsua ematen duela azaldu du Jaiki Hadik, baina baldintzapeko askatasuna eman beharrean, espetxeratze arindua aipatzen du; hau da, etxean, baina jarraipen, ordutegi eta muga batzuen menpean.
Halere, errealitatea bestelakoa izaten dela diote elkarteko kideek: «92garren artikulua ez dute aplikatzen orain dela 10 bat urtetik hona». Diotenez gainera, baldintza berriak ezarri dituzte gaixo dauden presoak kaleratu ahal izateko; bereziki euskal preso politikoei zuzenduta daudenak: damua, kolaborazioa eta biktimekiko jarrera zehatzak onartzea.
Baita ere, azaldu dute ezer egin aurretik, Auzitegiko medikuak aztertu behar duela pertsona hori, larri dagoen ala ez diagnostikatzeko, «eta medikua espetxeko txostenez baliatzen da horretarako». Hori horrela, gaixo larri izendatzeko aukerak nabarmen gutxitzen direla diote.
Azken urteetako kasuei erreparatuz gero, gehien ezarri den neurria espetxeratze arinduarena izan da, eta ez, askatasun osoa edo baldintzapeko askatasuna.
Senideen sentsazioa,
inpotentzia
Senideek inpotentzia sentitzen dute egoera honen aurrean. Gaixotasunarena jakin aurretik, espetxean zeramazkien 8 urtetako sentsazioa inpontentzia izan zen, eta orain sentipen hori areagotu egin zaie: «Kalera begira, eskubide urraketa bat gehiago den heinean, zerrenda hori borrokarako tresna bat gehiago bezala ikusten dut», dio Izarok.