‘Erritmoa, kazetariaren batuta’ kazetaritza liburua, laister, kalean

Kronika - Erredakzioa 2012ko mar. 18a, 01:00

Zipri Otxandorenak batuta jaso, eta klik! argazkia. Atzo jende asko inguratu zen Tilosetara, Kronikak deituta, argazkia ateratzera. Kronikak liburua kaleratzekoa du, epe motzean, eta liburu horren azalerako argazkia atera nahi zuen, herriko talde eta pertsonak bertan zirela. 

Nagore Legarretak atera zuen argazkia, 6 urtez Kro­nikako kazetari izanak. Atzean, hernaniarrak; talde eta banakako. Eta tartean, Zipri Otxandorena, zuzendariaren batuta eskutan zuela. 

Izan ere, batutak badu zer ikusia Kronikak aterako duen liburuarekin. Batutak, eta mu­sikak; erritmoak. Kaze­ta­riak erritmoarekin idatzi behar du. Hori da, behintzat, Kronikaren ondorioa, 12 ur­tez Hernaniko albisteak idazten pasa eta gero.

Hiztunetik ahalik eta gertuen dagoen euskera
Jexux Eizagirrek idatzi du liburua, hainbeste urtean Kro­ni­ka­ren laguntzaile izan de­nak. Kronikako albisteak oinarri hartuta, Eizagirrek lan haundia egin du, adibideak bilatzen, eta teorizatzen. Fun­tsean, hiztunetik ahalik eta ger­tuen dagoen euskera; hori da kazetariak egin beharko lukeena. Irakurraldi batean ulertzeko moduko euskera, graziarekin idatzia, eta monotoniatik urruti dagoena. 

Monotoniari nola ihes egin? Esaldia nola ordenatu? Aditza non eta nola jarri? Kontu horiek eta gehiago ida­tzi dituzte, argazkiz eta adibidez jantziak. Kronikaren 12 ur­teko jarduna eta idazteko mo­dua biltzen dituen liburua: Erritmoa, kazetariaren batuta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!