Sagardoaren zaporea nagusi, Tolarearen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2012ko mar. 18a, 01:00

Ohorezko lau kofrade berri izendatuko ditu gaur, Tolarea Sagardoaren Kofradiak: Julen Madina, Jose Luis Korta, Juanito Oiarzabal eta Julian Iantzi. Ilusio handiarekin jasoko dute izendapena, eta aurrerantzean, sagardoa gogotsu defendatuko dutela zin egingo dute. 

ETBko ‘El Conquistador’ programako kideez gain, gazta, gastronomika, izokia eta beste hainbat kofradiatako kideak ere Hernanin izango dira.

Zapore oneko eguna
Goizean goizetik hasiko dute eguna 20 kofradia ingurutako kideek. Txalaparta Elkartean elkartuko dira denak hamaiketakoa egiteko, eta hamabiak inguruan, herrian barrena kalejiran ibiliko dira, txistulariek lagunduta. 

Eguerdiko ordubatean emango diote hasiera eguneko ekitaldi nagusiari. Biteri Kultur Etxean aurreskua dantzatu, eta ohorezko kofrade izendatuko dituzte lau gonbidatuak. Aurrerantzean, edonon daudela ere, bertako sagardoa eta sagardoaren kultura defendatuko dituztela zin egingo dute. Azkenik, Ozenki abesbatzak emanaldi txiki bat eskainiko du, ekitaldiari amaiera emateko. 

Eguna zapore onarekin amaitzeko berriz, guztiak elkarrekin Larre-Gain sagardotegira joango dira bazkaltzera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!