Zein da etxeetako langileak arautzen dituen legedia? Eta zein dira langileen eskubideak? Legedi berria martxan jarri zenetik, asko dira etxeetako langileak dituzten zalantzak: zer egin, nola hitz egin nagusiekin... hori dena azaltzeko asmoarekin, hitzaldia antolatu du gaur AMHER elkarteak. Biterin izango da 17:00etan eta herritar guztiei dago zuzendua. Hitzaldia Conchi Gomezek emango du, Bizkaiako Etxeetako langileen elkarteko kideak.
Hilabetero elkartzen da etxeetako langile talde bat
AMHER elkartearen barruan, talde bat badago etxeetako lanak egitera dedikatzen dena. Azaldu dutenez, abenduan elkartu ziren aurreneko aldiz, eta ordutik, hilabetero juntatzen dira, hitzorduari hutsik egin gabe. Bertan, euren esperientziak, zalantzak eta abar kontatzen dituzte, eta helburua da, elkarri laguntzea. Talde honen iniziatiba izan da da gaurko hitzaldia antolatzea. Deialdia herritar guztiei egin diete, bertakoak izan edo atzerritarrak izan, gai honen inguruan interesa duten guztiei.
Hitzaldia Conchi Gomezek emango badu ere, Linda eta Naranek egingo dute aurkezpen eta dinamizazio lana. Bertan, lege berriaren nondik norakoak azalduko dituzte eta bakoitzak bere kasua azaltzeko aukera izango du.
2011ko memoria
eta 2012ko erronkak
amher SOS Arrazakeria taldeak herritarrei aurkeztu zien joan den astean zeintzuk izan ziren 2011k utzi zituen datuak, eta 2012rako aurreikusita zituzten egitasmo eta helburuen berri eman zuten. Biterin izan zen aurkezpena, eta azalpenak taldeko arduradunek eman zituzten.
Aholkularitza lana
Lehenik eta behin, AMHERek egiten duen lana zein den azaldu zuten: «batetik, giza izaera duen lana egiten dugu. Hau da, atzerritik datozen pertsonei aholkularitza ematen diegu, gizarte honetan bizitzeko eta beren beharrak asetzeko jarraitu behar dituzten bideen inguruan. Bestetik, izaera politikoa duen lana egiten dugu, etorri diren pertsonek eskubide eta betebehar berdinak izan ditzaten». Helburu horiek betetzeko asmoarekin, hainbat ekimen ludiko eta kultural antolatzen dituzte urte osoan zehar.
Aholkularitza lan guztia Bulegotik egiten du AMHERrek, hala nola: dokumentuak lortu, berritu, tramiteak egin, prestakuntza sozialak nola lortu azaldu, Lanbidera bideratu...
Hernani beraien herria sentitu dezaten, lanean
Etorkinei herria erakustsi eta nola mugitu azaltzea ere, bada AMHERrek egiten duen lanetako bat. Aurkezpenean azaldu zutenez, elkartera joaten diren aurreneko aldian, Hernanik dituen baliabideei buruzko laburpen bat ematen zaie, eta horretarako, Udalak argitaratutako Ongi etorri Hernanira liburuxka erabiltzen dute.
Irteerak ere antolatzen dituzte, etorkinek Hernani ezagutu eta berea sentitu dezaten. 2011n esaterako, bi irteera antolatu zituzten: Santa Barabarara, San Inazio egunean; eta Hernanitik Urnietara ibilbidea, bidetik azalpenak emanaz. Horrez gain, hainbat bazkari eta afari ere, antolatuak dira: «etorkinen eta bertakoen artean antolatzen ditugu, eta bertan, zaporeak, janaria, kultura... denetatik nahasten da. Gainera, elkarrizketa leku bihurtzen dira otordu horiek, harreman asko sortzen dira bertan».
Sentsibilizazio kanpainak, urte osoan zehar
Gizartea sentsibilizatzea da AMHERek exisititzeko duen arrazoietako bat. Hori horrela, hainbat ekimen antolatzen dituzte urte osoan zehar, helburu horrekin: jaialdi gastronomikoak, urriko aste kulturala, zine zikloa, hitzaldiak, hiruhileroko Kaixo aldizkaria...
Hamabost egunetik behin, bilera
AMHERren asmo eta helburu guzti horiek sendotu eta koordinatzeko asmoarekin, jakinarazi zuten, 2011n hamabost egunetik behin elkartu zirela: «bileretako parte hartze maila oso haundia da; kontuan izan behar da gainera, elkarlana borondatezkoa dela. 2011ko alde positibo gisa azpimarratu nahi dugu pertsona asko gerturatu direla ekimenetara, eta irteerek harrera oso ona izan dutela».
«Etorkinen partehartzea haunditu nahi dugu»
2012ra begira, helburua, orain arte jorratutako bidea jarraitzea da, eta erronka gisa, herritarren partehartzea haunditu nahi dute. Aholkularitza arloan, datu basea digitalizatzea da aurtengo erronketako bat. Horrez gain, kanpotik datozen pertsonentzako ekimen gehiago antolatu nahi dituzte; eta irteerak egiten jarraitzeko asmoa ere, badute.
Sentsibiliazazio kanpainei dagokienean, herrian errotuta dauden ekimen kulturalak mantentzea da elkartearen helburua, eta ahal izanez gero, hobetzea. Bestalde, ikastetxeetan unitate didaktikoak hobetu nahi dituzte, eta etxeetako langileen taldea sendotu. Kaixo hiruhilekoaren erredakzioa eta edizio taldea sendotzea ere bada nahietako bat.