«Lortzen den erresoluzioa ikusgarria da. Erokeria bat da. Orain arte ikusi ezin izan diren gauzak ikusteko aukera dago. Esaterako, mihisearen (lienzo) hariak ikusten dituzu lodi lodiak, pixelatu gabe. CSIn bezala da. Orain arte ez zen horrelako ezer egin», dio Miguel de San Romanek Hernaniko Robolan enpresako zuzendari komertzialak Pablitoz galdetuta. Pablito (komunikabideek jarritako izena omen), urtarrila bukaera geroztik Pablo Picassoren Guernica koadroa ikertzen ari den robota da eta Hernaniko Robolan enpresak sortu du. Mundu mailan, obrarik preziatuenetarikoa da Guernica eta Madrilgo Reina Sofia Museoan, obra nagusia. Hori horrela, museoko Errestaurazio Departamentuak ahalik eta azterketa zehatzena egin nahi zuen eta Robolanekin harremanetan jarri zen. «Enpresa bat baino gehiagorengana jo zuten eta gehien gustatu zitzaien lana gurea izan zen. Urte dexente pasa ditugu harremanetan eta robota egiten bi urte inguru. Egia esan, lan haundia egin dugu», azaldu du de San Romanek. Robolanetik 5 pertsona aritu dira eta museotik 3.
Inoiz artearekin lotutako beste zerbait egin izan duten galdetuta ezetz dio zuzendari komertzialak: «Zerbait berria izan da guretzat. Beti industria arlorako egin izan ditugu makinak eta proposamen honek asko motibatu gintuen. Eta teknologikoki egin dugun gauzarik haundiena da».
Emaitzarekin gustora dago de San Roman, baina Pablito bezalako hiruzpalau robot saltzea izango litzakeela idealena gaineratu du: «Dena oso ondo atera da eta pozik gaude, baina hiruzpalau saltzean hasiko gara dirua irabazten. Izan ere, zerbait berria sortzen denean parametro pila daude kalkulatzen ez dituzunak eta egokitzapenak egin behar dira. Kontu egin, aurreko asteburuan, ostiral gauean eta larunbat gauean han egon ginela goizeko 06:00ak arte ajusteak egiten. Eta hori ez du inork ordaintzen».
Robotak izan duen oihartzunarekin, agian berandu baino lehen izango da erosleren bat. De San Romanek azpimarratu duenez, makina ikustera gerturatzen ari dira etengabe, Prado Museokoak, Ondare Nazionalekoak, Europako museo ezberdinetako arduradunak... «Guztiak txundituta daude robotaren tamaina eta prezisioarekin».
Milimetroz milimetro
Robotak koadroa milimetroz milimetro aztertuko du. Koadroari aterako dizkiote 30.000 bat argazki txiki, banaka banaka, bata bestearen atzetik. Gero denak josiko dituzte eta informe bat osatuko dute. « Joaten zara argazki txikiak egiten. Eskaner bat bezala da, baina argazki kamara bidez», azaldu du funtzionamendua de San Romanek. Argazkiak txiki txikiak dira, 25 mikrakoak eta 60 mega ditu bakoitzak. «Beraz sekulako erresoluzioa lortzen duzu. Kamaretako teknologia ere izugarria da». Kamara ezberdinak erabiliz ari dira argazkiak ateratzen eta orain, makro batekin ari dira, ia mikroargazkiak egiten. «Pinturaren burbujak ikusten dituzu. Normalean begiratuta liso ikusten duzu obra eta makina honekin ikusten duzu pintura pitzatua dagoela. X izpiekin berriz, azpiko bozetoak ikusteko aukera dago. Izugarria da. Esaterako, Guernica New Yorken egon zenean, artista iraniar batek graffiti bat egin zuen Vietnameko gerra salatzeko eta horren arrastoak ere ikusten dira, nahiz eta garbitua egon eta ikusi hutsean ez nabaritu». Robotari jarri dioten softwarearen bidez, argazki bakoitzaren posizioak gordetzen doaz koordenadekin. Hori horrela, argazki guztiak ateratzen dituztenean ikusten badute baten bat ez dela ondo atera, esaterako 25.812a, aukera dute robotari agintzeko berriz argazki bera egin dezala.
Nazioarteko lehiaketarako
Reina Sofiako Errestaurazio Departamentuak azterketa zehatz hau jarri du martxan Guernica hobeto ezagutzeko asmoz, eta de San Romanek dio bere ustez nazioarteko lehiaketaren batera aurkeztekoa ere izango dela. «Egiten ari diren azterketa nazioarteko lehiaketa batera aurkezteko modukoa da. Oso azterketa zientifikoa da. Ziur ikusiko dugula sariren bat jasotzen, inbestigazioarekin lotuta».
Turnoka banatuta
Argazkiak ateratzen eta koadroa aztertzeko lanetan museoan jenderik ez dagoenean aritu behar dute eta hori gauetan izaten da, 21:00etatik 10:00etara, edo asteartetan, museoa itxita baitago. Tarte horretan, etengabe aritzen dira argazkiak ateratzen eta turnoka banatu dira museoko departamentukoak.
Ekainera arteko lana
Robotarekin egindako azterketa, ekainera bukaera arte luzatuko da. Robota orduan kenduko dute, baina gero datu guztiekin, museokoek informea egingo dutela dio de San Romanek. Horrez gain, robotak lanean jarraituko duela nabarmendu du. «Museoko Errestaurazio Departamentura eramango dute eta han erabiliko dute beste koadro batzuk aztertzeko. Ez dira hain azterketa konpletoak izango eta formatu txikiagoan erabiliko dute».
Aurrez esan bezala, kamara ezberdinekin aterako dituzte argazkiak: `lehenengo pasada objetibo batekin egin dute. orain ari dira egiten bigarren buelta prezisio altuagoa duen makro batekin. Gero espektro ultrabioleta erabiliko dute. Ondoren infragorriak, X izpiak, 3Dko eskanerra, reflektografiako kamara berezi bat...». Lan guztiaren informea egiteko denbora beharko da.
‘Guernica’ren egoera
Guernica 1937an pintatu zuen Picassok, alemanek Gernikan egindako bonbardaketa irudikatuz. Hainbat lekutan egona da, hala nola, Oslo, Copenhague, Londres, Manchester, New York... 100 bat aldiz doblatu eta bildu da eta ez da oso ondo zaindua izan. 1992az geroztik, Reina Sofian dago, Picassoren gainerako obrekin. Guernicaren egoerak asko kezkatzen ditu Museoko arduradunak eta azterketa hau 1998an egindakoaren jarraipena da.
Euskal Herrira ekartzeko eskaerak egin izan dira, aurten bereziki, Gernikaren bonbardaketaren 75 urteurrena dela eta. Prado Museoak eta beste hainbatek ere eskatu izan dute, baina egoera delikatuan dagoela esan izan du Reina Sofiak, besteak beste.
«Urte gutxi dauzkan koadroa da. 75 urte ditu. Delikatuagoak diren koadro gehiago badaude. Esan nahi dut, ez duela behar berehalako errestaurazio bat eta gaur egun dauden medioekin mugitzeko aukera egongo litzatekeela uste dut. Dirua behar. Dena dela, Reina Sofian logika guztiaren barruan dago. Arte garaikideko museoa da eta Picassoren obrak han daude. Testuinguru baten barruan dago. Nik uste, nahiz eta nahiago izan hona ekartzea, leku egokian dagoela eta esku onetan», dio de San Romanek.
Obra ikusgarria
Koadroaz galdetuta, de San Romanek hitz hauek erabili ditu: «Izugarria da. Bere aurrean jartzen zarenean sentitu egiten duzu momentu hartan bizitako tragedia hura. Sekulako indarra dauka. Merezi du ikustea». Jendearen joan-etorriari erreparatzea besterik ez dago koadroak sortzen duen ikusmina neurtzeko: «larunbatean bertan lanean egon ginen eta jende gutxien zegoen garaian, 150 bat lagun zeuden; pentsa! Goiz guztian jendea joan-etorrian ibili zen. Museoko obra garrantzitsuena da».
Robolan: enpresa txikia, baina mugitua
Robolan enpresa 1997an sortu zen. Hasierako urteetan Lasarten egon zen eta 2001ean, Hernanira etorri zen. Ordutik Ibaiondo poligonoan dago. Enpresa txikia da, 15 langilekoa, baina oso mugitua dela dio de San Romanek. «Oso lantalde ona dugu. Oso jende sortzailea dago».
Inoiz halakorik egin gabe, robota sortzerakoan zertan oinarritu diren galdetuta, halaxe erantzun du zuzendari komertzialak: «makina batzuk gara (parrez). Negozio hau horrelakoa da. Esaterako, orain, esne analisiak egiten dituen makina bat egiten ari gara, Pascualentzat. Makina horrek 50 mikrolitro esne hartu behar ditu eta muestren plaka batean utzi. Eta makina honekin ere gauza berdina gertatu zaigu. Bi kasuetan ez genekien ezer mundu horien inguruan, baina ikasi egiten duzu. Gu ez ginen kezkatu arte lanak aztertzeko tresna bat eskatu zigutenean. Eskatzen dizutena egiteko prest egon behar duzu. Gauza asko daude orain arte egin ez direnak eta eskatu egiten dizute: hau egin nahi dugu, nola egin dezakegu? Inbestigatu egin behar da. Hori da gure lana. Oso sortzailea eta polita da, eta aldi berean, oso arriskutsua. Batzuetan ez da ondo ateratzen. Baina hori denborak erakusten du. Hasieran denari baietz esaten diozu, baina gerora ikasten duzu zeri ezetz esan, asko arriskatzea delako».
Euskal Herri osoan eta ipar partean
Robolanek oinarrian, Euskal Herri osoan eta estatuko ipar partean egiten du lan. «Horrez gain, Ebroren ardatz guztira iristen gara, baita Katalunia, Zaragoza eta Madrileraino ere. Eta ez goaz urrutirago gutxi garelako. Hazten joan nahi dugu, baina poliki», dio de San Romanek. Lanik ez dutela falta nabarmendu du. «Orain linea bat jarriko dugu Zamudioko enpresa batentzat. Argi kontadoreak egiten dituen enpresa da. Horrez gain, oso bezero ona da guretzat Gureak eta beretzako linea bat egiten ere ari gara. Volkswagen Golf berriaren faroak montatuko dituzte bertan. Egia esan, lana badugu eta garaiotan ez gaude kejatzeko moduan».
Datuak:
- 4,5x9 metro neurtzen ditu robotak; 4x8 metro ‘Guernica’k (robota bertan egoten denez, jendeak koadroa ikusi ahal izateko).
- 1.500 kg inguru pisatzen du.
- Aluminio eta altzairuzkoa da.
- Teknologia motorerik gabe; magnetikoa da.
- Robot kartesiarra da.
- Hiru ardatz dauzka: ezker-eskuin, aurrera-atzera eta gora-behera.
- 25 mikrako prezisioa dauka (mikra=milimetroaren millonesima).
- 30.000 bat argazki aterako ditu, bakoitza 60 megakoa.
- Desmontaje eta montaje sistema oso segurua dauka, koadroaren aurrean egin behar delako.
- Orain arteko sistemak ez bezala, robota bera egokitzen da artelanera.
Oriak egin du ordenadorea, erabilera errazteko
Pablitoren arlo mekanikoa eta elektrikoa Robolanek landu du, baina softwareari dagokiona, Hernaniko Oria enpresa informatikoak. Ulertzeko: ordenadorea jarri dio robotari, erabilera errazteko. Robolan, Oriaren bezeroa da aspalditik, eta beti informatikarekin hobetu daitekeen zerbait behar badute, eurekin harremanetan jartzen direla azaldu dio Kronikari Javier Bermejo Oriako jabeak. «Beraiek espezializatuta daude industria arloan eta horrelako robot bat saltzen baduzu, ez da egokia automatarekin komunikazioa panel industrial baten bidez izatea. Zaildu egiten du. Gainera kasu honetan, bestela ere nahiko konplikatua zen eta dena automata batekin egitea askoz ere zailagoa zen ordenadore baten bidez egitea baino. Azken finean hori da egin duguna. Ordenadore bat jarri dugu aginduak bidaltzen dizkiona automatari eta kamarak kontrolatzen dituena». Bermejorekin batera, Imanol Lopez ere ari da zeregin honetan.
Urrian hasi ziren proiektu honekin eta pixkanaka egoera konplikatzen joan dela diote. «Erabiltzen doazen heinean gauza berriak eskatzen doaz eta ajusteak ere egin behar izaten dira...». Lopez lau aldiz joana da museora.
Kamaren erabateko kontrola
Ordenadorearen bidez aginduak ematen dizkiote automatari eta kamarak ere kontrolatzen dituzte. Horretarako, kamaren enpresekin ere jarri dira harremanetan, Japonekoarekin ere bai, zailtasunak zailtasun. «Kamarak gure programaren bidez manejatzeko aukera izan behar genuen, lanak automatizatu behar ziren, pertsona bat ez egoteko argazki bakoitza atera behar duenean botoiari ematen. Kontuan izan, agian kamara batekin 20.000 argazki aterako direla. Orduan kamara kontrolatu egin behar da, distantziak kontrolatu, behar izanez gero fokoa manejatu, jarri, kendu… koadroak ere ez dira lauak izaten, eta laser baten bidez distantzia kalkulatzen da, kamara gerturatzen da, urruntzen da… Kamararen gaineko kontrol osoa behar genuen».
Ilusio haundia
Lopezek aitortu du ilusio haundiz dagoela egindako lanarekin: «Egia esan, hasieran ez nion garrantzirik eman, beste lan bat gehiago zen. Baina gero ikusten duzu komunikabideetan azaltzen dela eta orain arte egin ez den zerbait dela, izugarrizko oihartzuna duela, adituak honi begira daudela... Ilusioa egiten du eta asko betetzen du».
Lopez eta Bermejoz gain, beste bi langilek osatzen dute Oriako lantaldea. Informatika denda, Hernaniko Antziola auzoan dago.