Herria Landarera begira dago azken egunetan. Izan ere, Ohorezko Mailara igotzea jokoan izango du bihar Hernanik. Igotzeko, 7 puntu baino gehiagoko aldea atera behar dio Cisnerosi eta errugbiari dagokionez, ez da alde haundiegia. Jokaldi batera dauka igoera, hain zuzen. Eguerdiko 12:00etan hasiko da norgehiagoka eta sekulako festa antolatu dute Landaren. Jendetza bilduko da.
Madriletik 5 autobus
Hernani Landarera begira dago eta baita madrildarrak ere. Cisneros taldea animatzera 5 autobus etorriko dira handik. Hernani, inguruko herri eta Madriletik bilduko den jendetza ikusita, grada osagarri bat ere jarri da 750 pertsonentzat. Errugbi elkartetik jakinarazi dute jendea eroso egotea nahi dutela, eguraldi txarra egingo balu ere. Eta denen indarra beharrezkoa denez, herritarrei dei egiten diete bertara azaltzeko.
Musika Bandaren
emanaldia eta himnoa
Jendetza espero denez, errugbi elkartetik gomendatu dute kotxean ez jaisteko Landarera eta kotxean jaitsiz gero, ondoko industriaguneetan aparkatzeko. Gainera, 11:00etatik aurrera giroa izango da Landaren. Musika Bandak emanaldia eskainiko du. Ondoren, partidua hasteko, Hernaniko Kantuz, Ozenki eta Goiz Eguzki abesbatzek eta Goizuetako Umore Onak Hernaniko kirol taldeen himno berria abestuko dute.
Partidua ikusteko 5 euro ordaindu beharko dira. Sarreran, eskuorri bat banatuko dute hamabost titularrekin, ordezkoekin eta errugbiko arau eta gizalege batzuekin.
Hirugarren denbora berezia
Errugbian hain ohikoa den hirugarren denbora publiko guztiari zabalduko diote bihar. Hirugarren denbora erraldoi bat izango da. 400 pertsonentzako paella jatea antolatu dute. Bazkide laguntzaileek prioritatea izango dute. Bazkide laguntzaile txartela erakutsiz gero, txartela emango zaie. Sagardoa eta garagardoa ere dohainik egongo da.
Himnoaren CDa, llaberoak, kamisetak...
Errugbi elkarteak ateratako hainbat produktu erosteko aukera ere izango da bihar Landaren. Besteak beste salgai izango dira: himnoaren CD berria, llaberoak, pinak, pegatinak, sudaderak, kamisetak...
Partidua ikusteko aukera interneten
Partidua zuzenean ikusteko aukera izango da interneten, honako bi helbideetan: www.lasteles.com (lotura zuzena: http://lasteles.com/es/deporte/RUGBY/video/5848) eta www.emisionesdeportivas.com.
Twitter-en, #bultzahernani
Hernaniko Kronikak Twitter-en jarraipena egingo du. Kronikak proposatutako hastag-a #bultzahernani izango da.
Bestalde, interneten baita ere, bideoak igo dituzte herritarrak Landarera animatuz. You Tuben ikusi daitezke errugbi hernani igoera fasea jarrita.
Laguntzaileei eskerrak
Errugbi elkarteak festa hau antolatzeko Hernaniko enpresa eta eragile ezberdinen laguntza izan du eta eskerrak eman nahi dizkie. Horien artean dira: Iñaki Etxaniz eta Pineda harategiak; Lizardi baserria, Iparragirre, Zelaia eta Elorrabi sagardoak; Powerade garagardoak; Portu auzoko jai batzordea eta Hernaniko Udala.
Jubenilak Euskal Ligako txapeldun, irabaziz gero
Jubenilek Bera Beraren aurka jokatuko dute gaur 12:30etan Landaren. Irabaziz gero, Euskal Ligako txapeldun izango dira, jardunaldi baten faltan. Txapeldun izateaz gain, estatuko txapelketarako sailkatuko lirateke.