Martxan dira Hernanin, Abiadura Haundiko Trena egiteko obrak. Asteazkenean eman zioten hasiera ofiziala Hernani-Astigarraga tramoari, Akarregin. Hernaniko bi zatiak, beraz, martxan dira dagoeneko (Urnieta-Hernani eta Hernani-Astigarraga). 2,4 km ditu zati honek, eta 71,5 miloi euroko aurrekontua. Guztira 27 hilabete beharko dituzte zati hau bukatzen; beraz, 2014rako bukatuak beharko lukete.
Iñaki Arriola: «Donostiara iristen ari gara, eta egun hau berezia da»
Lehen harria jartzen izan ziren: Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herrilan eta Garraio sailburua, eta José Luis Herrador, Espainiako Gobernuko subdelegatua.
Arriolak azaldu zuen, tramo hau egiten hasteak baduela bere garrantzia, batez ere, adierazten duelako Gipuzkoako hiriburura iristen ari dela AHTa. «Euskal Y iristen ari da Donostiara, eta tramo hau inauguratzeak badu esanahi berezia». Horrez gain, Arriolak esan zuen konpromiso haundia hartu zuela Patxi Lopezen gobernuak AHTari bultzada emateko, eta betetzen ari direla konpromiso hori. «Gipuzkoan 15 tramo martxan dira dagoeneko eta bi bakarrik falta dira martxan jartzeko. Krisi garai honetan garrantzia dauka horrek, garapen ekonomikorako». 880 lagun ari dira lanean, AHTko obretan.
Ezker Abertzalea: «Ez da bidezkoa, krisi garaiotan dirua horrela xahutzea»
Gipuzkoako Ezker Abertzaleak gogor kritikatu zuen atzo AHTa. «Eskandalu bat da, krisi garaian, denon dirua horrela xahutzea, obra faranoikoetan». Prentsa oharrak dioenez, EAJ eta PSOEk urte luzetarako hipotekatuko dute Gipuzkoako ekonomia, ia 42.000 langabe daudenean, eta 10.000 pertsona pobrezia egoera latzean. Historiako diru xahuketa haundiena eragin du AHTak, Ezker Abertzaleak dioenez, eta ingurumenari kalte haundiena eragingo dion obra da.