Sagardoaren ohorezko kofrade berriak badakigu zein izango diren, igandetik aurrera: Julen Madina, Jose Luis Korta, Juanito Oiarzabal eta Julian Iantzi. Igandean, Hernaniko Tolarea Sagardo Kofradiak egun berezia du, XVII. Kapitulua, hain zuzen. Bertan, lau kofrade berriei zin eginaraziko diete, sagardoaren defentsa egingo dutela, dijoazen lekura dijoazela.
Aurretik, inguruko beste kofradiatako kideak ibiliko dira Hernanin barrena, kalejira egiten; 13:00ak aldera izango da ekitaldi nagusia, Biteriko Areto Nagusian.
‘El Conquistador...’
puri-purian dagoen saioa
Tolareako kideek ez dute edozein aukeratu, aurtengo kofrade izateko. El conquistador programan zer esan haundia eman duten kideak ekarriko dituzte horretarako. EiTBko saioetan errekor guztiak hautsi ditu El Conquis programak. Puri-purian dago, eta puri-purian daude lau pertsonajeok ere. Igandean, saiatuko dira sagardoa konkistatzen; ez dute lan zaila izango, baina gero, defendatu egin beharko dute bazter guztietan.
Eguerditik aurrera
Kofradiaren egunean, urtero, inguruko kofradiatako kideak etortzen dira, eta aurten ere bai: gazta, gastronomika, izokia... 20 kofradia inguru ibiliko dira Hernanin barrena.
11:00etan, Xalaparta elkartean bilduko dira kofradia guztiak, hamaiketakoa eginez. 12:15etan, kale-jira, txistulariek lagunduta. 13:00ean, Ohorezko Aurreskua, eta zin egitea, Biterin. Ondoren Ozenki abesbatza. 14:30etan, bazkaria Larre-Gain sagardotegian.