«Euskaldunzaharrak animatu nahi ditugu, bertsolariekin konparatzeko»

Kronika - Erredakzioa 2012ko mar. 11a, 01:00

Kepa Paz-Alonso bilbotarrak dioenez, Hernani oso herri egokia izan liteke ama-hizkuntza euskera duten pertsonak bilatzeko. Paz-Alonsok ondo ezagutzen du Hernani, sei urtez bizitu baitzen bertan, Kardaberaz kalean, psikologiako doktoratua Donostian egiten ari zen bitartean. Bertsolariekin egiten ari diren ikerketari buruz galdetu dio Kronikak.

BCBL Zentroak ikerketa bat martxan du, ikusteko, bertsolariek informazioa burmuinean nola pilatu eta prozesatzen duten. Ikerketa horren azken zatia falta da egiteko, eta hori da, konparatzea, bertsolari ez direnen burmuinek nola funtzionatzen duten. Horretarako behar dituzte, 25 urtetik 50 bitarteko pertsonak, ama-hizkuntza euskera dutenak, %60-100 euskeraz bizi direnak, eta bertsolariak ez direnak. Borondatezkoa da lana, eta bi ordu inguru irauten ditu. Interesatuek, deitu: 943 309 300.


Manuel Carreiras eta zu ari zarete bertsolarien burmuinari begira. Zeren bila zabil­tzate, zehazki?
Hipotesia zein den galdetzen didazu? Erraza da. Ber­tso­lariek nola garatu dute burmuina, daukaten abilezia hori lortzeko? Nola almazenatzen dute informazioa, hi­tzak, errimak, gero ba­­t-batean bertsoa botatzeko gai izateko? Gaitasun hori ba­daukate; begi-bistakoa da. Gure ustez, etengabe egindako ariketa horrek eragin die, burmuineko zenbait prozesu azkarrago egitea; zona jakin batzuetan informazioa gehiago pilatzea eta azkarrago prozesatzeko gai izatea.

Burmuineko zein zatitaz ari zara?
Adibide bat jarriko dizut. Funtsean, hizkuntza, burmuineko ezkerreko aldean dago. Ezker-aurrealdean, hizkun­tza­ren produkzioa prestatzen da, informazioa integratzen ere laguntzen du, eta beste leku ba­tzuetan pilatutako errepresentazioak errekuperatzen ere bai. Adibidez, ezker-aldameneko zati batean pilatzen direnak, lateral-tenporal esaten zaio­nean. Aurreko zati hori eta aldamenekoa oso estu lotuta daude. Bertsolari batek bi zona horiek martxan jarriko ditu (beste batzuren artean), errima bat aukeratzen ari de­nean. Litekeena da, bertsolariek, praktikaren eraginez, sistema eraginkorragoa garatu iza­tea, errepresentazioak al­ma­zenatu, eta errekupera­tzeko. Hori adibide bat da, gu­re hipotesiaren zati txiki bat. Badira beste asko.

Eta zuek nola dakizue buruko zein zati ari den lanean momentu bakoitzean?
Horretarako ezinbestekoak izan dira bi elementu: batetik, medikuek urteetan pilatu duten esperientzia, burmuineko eritasuna zuen jendea aztertuta; eta bestetik, teknologia berriak. Teknologikoki guk horrela lan egiten dugu, labur esateko: buruan jartzen ditugun aparatuen bidez, ikusten dugu burmuineko zein zati dagoen aktibatuta, eta zein geldirik. Fun­tsean, oxigeno kopurua neur­tzen dugu. Alegia, zenbat oxigeno kontsumitzen ari den burmuineko zati bakoitza. Horren arabera, badakigu zein zati ari den lanean. Eta horregatik, badakigu adibidez, burmuineko ezker aldeak zerikusi haundia duela hizkuntzarekin.

Ze ariketa eginarazten dizkiozue bertsolariei?
Batez ere, hiru ariketa-saio egiten dituzte. Bakoitza bi ordukoa. Lehenengo saioan, jo­kaerak aztertzen dira. Arra­zo­na­men­dua, informazioa pro­ze­satzeko azkartasuna, kon­tu ba­tean zen­tratzeko gaitasuna… Bigarren saioan, hitz-etorria neurtzen da. Ariketa fonologiko, semantiko edo errimari lotutakoak eginarazten zaizkie. Eta ariketak zailtzen joaten gara pixkanaka. Adibidez, «Esan, ‘M’-rekin hasten diren animalien izenak». Edo, ‘-ina’ bukatzen diren hitzak. Edo ‘-ter’ bukatzen direnak (oso gutxi daudela badakigu, jaja…) Hirugarren saioan, beren lanean jartzen ditugu. Bertso­tan jartzen ditugu. Kopla txikiak eta zortziko txikiak kantatzen. Hor, batetik, makinak neurtuko du burmuinaren funtzionamendua; eta bestetik, bertso-adituek baloratuko dute bertsoen kalitatea.

Zenbat bertsolari aztertu dituzue? Denak ezagunak?
Beno, bi taldetan aztertu ditugu. Batetik, 18 bertsolari ezagun aztertu ditugu; tartean, bi hernaniar: Maialen Lujanbio eta Unai Agirre. Eta horiez gain, Andoni Egaña (hasiera ematen asko lagundu zigun), Amets Arzallus, Jexux Mari Irazu... Hori da talde bat, baina beste bi talde ere aztertu behar ditugu, proiektu osoa bukatutzat jotzeko.

Beraz, bertsolariez gain, beste bi talde ikertzen ari zarete. Zein dira bi talde horiek?
Bai. Bertsolarien gaitasuna neurtzeko, konparatu beharra dago bertsolari ez direnekin. Horregatik, bigarren talde bat ikertu dugu: bertso-eskoletako ikasleak. Bertsotan ikasten ari direnak, baina oraindik esperientziarik ez daukatenak. Eta hirugarren taldea da, bertsotan ibili ez direnena. Alegia, euskaldunzaharrak behar ditugu, baina bertsotan ibili ez direnak. Hor oraindik, asko falta zaizkigu. Denera 25 bat behar ditugu.

Hernaniarrak animatzen al dituzu, ikerketa hau egitera?
Euskeraz bizi badira bai. Ama hizkuntza euskera dutenak, eta gutxienez eguneroko bizitzan %60-100 euskeraz bizi direnak. Hernani egokia izan liteke, pertsona horiek bilatzeko.

Hernanin bizitutakoa zara, izan ere…
Sei urtez. Hernanitik AEB­e­ta­ra joan behar izan nuen, Cali­forniara, erresonantzia magnetikoari buruzko ikasketak egitera. Baina aurretik, Do­nos­tian doktoratua egiten pasa nituen sei urte haietan, Her­nanin bizitu nintzen, Karda­beraz kalean. Oroitzapen polita dut Hernanirena.

BCBL ZENTROA

Burmuina eta hizkuntza gaitasuna aztertzen, mundu mailako erreferentzia

BCBL enpresak 60 langile inguru ditu, eta nazioarteko zentroa da

BCBL zentroa (Basque Center on Cognition, Brain and Lan­guage) elkarrekin sortu zuten, Innobasque, Ikerbasque, UPV-EHU eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zertarako? Burmui­na, hizkuntza eta kognizioa ikerketzeko. Nazioar­teko ikerketa-zentroa da, eta Mira­monen dago. 2009ko irailean ikerketan hasi ziren.

Hizkuntza, gizakiaren
 gaitasunik paregabeena
Manuel Carreiras BCBLko zu­zen­dariak dioenez, «Hizkun­tza da gizakiak duen gaitasunik pa­regabekoena. Irakur­tzea eta idaztea dira, gure zibi­liza­zioa­ren kultura-garapen harrigarrienak, eta aldi berean, pertsona bakoitzaren ga­ra­penean, mugarri inportanteena».
«Abildade horrek, izugarri aldatu du pertsona bakoitzak bere inguruarekin harremanak izateko modua. Hala ere, nahiz eta azken urteetan au­rrerapen teknologiko eta zientifiko harrigarriak izan, oraindik ez dugu argitu hizkuntzak eta irakurketak nola funtzionatzen duten. Eta oraindik ez ditugu ezagutzen, zenbait hizkuntza-desoreka eta irakurketa-ezintasunen kausak eta sendabideak».
«Bereziki, BCBLk elebidunei begira egiten du ikerketa».


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!