Hernani Musika Eskolak 25 urteko testigantza bildu du disko-liburu batean, eta ostiralean aurkeztu zuten Joxan Goikoetxeak, Iñaki Egurenek, Kistiñe Lujanbiok eta Marian Beitialarrangoitiak, Udalean.
Liburua,
hiru zatitan banatuta
Liburuak sarrerakoak, eduki nagusia, eta Juan Mari Beltranek egindako azken atala ditu. Sarrerakoak idatzi dituzte Marian Beitialarrangoitiak, Joxan Goikoetxeak, Rikardo Mendiolak, Koro Etxeberriak eta Maravillas Diazek.
Liburuaren eduki nagusia egiteaz, Iñaki Eguren arduratu da. Historia kutsua du, 25 urteetako ibilbidea modu erraz eta ulergarrian idaztea baitzen Musika Eskolako zuzendariaren asmoa. Bertan biltzen ditu Musika Eskolaren aurrekariak, gertaera ezberdinak, anekdotak, ikasle eta irakasleen eboluzioa, kontzertuak, emanaldiak. Berak azaldu zuen moduan, liburua datu bilduma bat da.
Hirugarren atala berriz, Juan Mari Beltranek idatzi du, eta bertan aztertzen du euskal-herri-musikaren inguruan, Musika Eskolak egindako lan ekarria.
Diskoak, 56 kantu
Musika Eskolako liburu bat hankamotz geratuko litzateke musikarik gabe, eta Joxan Goikoetxeak, 25 urtetako doinu onenak bildu eta editatu ditu. Bertan, bereziki, Musika Eskolako ikasleak entzun litezke.
183 kontzertu, 25 urtetan
25 urtek askorako ematen dute, eta horren adierazgarri dira, Egurenek aipatutako datuak: «25 urtetan 50 irakasle inguru aritu dira Musika Eskolan; 1800dik gora ikasle; eta 183 kontzertu inguru eman dituzte».