Kirol taldeen izaera definitu eta herri bat identifikatzeko balio dute himnoek, eta atzotik, Hernaniko kirol taldeek badute berea. Imanol Kamiok egin du, eta atzo aurkeztu zuten Zubipen, Kantuz, Ozenki, Umore Ona eta Goiz Eguzkiko abesbatzek. Kamiok, helburu bat zuen himnoa egiterako orduan: «hernaniar guztiek kantatzeko moduko abestia izatea. Kirol guztiak integratuko dituen doinua izan behar du». Abestiak bi zati ditu: aurreneko zatiak tonu sendoagoa du, eta bigarrenak, doinu erritmikoa eta herrikoiagoa du. Himnoa zuzenean entzun nahi dutenek, datorren asteburuan izango dute aukera, Landaren, Hernani eta Cisnerosen partiduaren aurretik. Lehenago zati bat entzun nahi dutenek berriz, www.kronika.net web orrian dute.