himnoa da, herri batekin identifikatua sentitzeko hots haundiko kanta, eta bereziki herri sentimenduari eskaintzen zaiona. Helburu horrekin sortu da hernaniarren himno berria, Hernaniko kirolariak beren herriaren nortasunarekin identifikatuak sentitu daitezen.
Hala ere, Hernanik izan du iraganean ereserkiaren inguruko tradizioa. Duela hainbat urte aski ezaguna zen kanta baten ondotik etorri da abesti berria, eta doinu zahar horren esentzia aprobetxatzeko eskatu diote Hernaniko futbol eta errugbi taldeetako zuzendariek Ozenki abesbatzeko buru Imanol Kamiori (Hernani, 1959).
Hain zuzen ere, Ricardo Ramos CDH futbol taldeko presidente eta Juan Rodriguez Hernani Errugbi Elkarteko lehendakariak izan ziren himno berria sortzeko eskaria egin zutenak. Futbol taldea hirugarren mailara igo berri zela, eta errugbi taldeak 50 urteko ibilbidea betetzen zuela aprobetxatuta, galdetu zuten himno berria egiterik ba ote zegoen.
Imanol Kamio ereñotzuarrak esperientzia haundia du musika munduan eta, oso ezaguna da hernaniarren artean; gusto haundiz hartu zuen ardura. Baina garbi utzi nahi izan du hasieratik, abestia ez dela bi kirol horietara bakarrik mugatzen, eta Hernaniko kirol diziplina guztiak aintzat hartzeko asmoarekin sortu dela.
Aurrekariak badaude
Egin berri den himnoa ez da Kamiok egiten duen lehena. Orain bi urte arrauneko San Miguel ACT Ligako kantua konposatu zuen, eta horren haritik iritsi zaio Hernaniko himno berria egiteko enkargua. Berak egin ditu musika eta letra, eta bere zuzendaritzapean abestu eta grabatu dute lau abesbatzek: Ozenki, Kantuz, Goiz Eguzki, eta Goizuetako Umore Onak, hain zuzen. Denera, 130 bat ahots. Haiek izango dira laister doinu berria ezagutzera emango dutenak.
Ricardo Ramos Hernaniko futbol taldeko lehendakariak horrela dio: «Kamiorekin izan nuen berriketaldi batean atera zen himnoa berpizteko ideia». Izan ere, orain bi hamarkada, futbol norgehiagokak Txantxillan jokatzen zirenean, Hernaniko ereserkia oso ezaguna zen herritarren artean, eta sarritan entzuten zen kaxkoko kaleetan. «Burutazio polita iruditu zitzaigun bai Imanoli eta baita niri, kantu zahar hura berreskuratu eta zertxobait aldatzea».
Gainera, Ramosek eskertu nahi izan du Imanol Kamiok himno berria egiteko hartutako lana: «Bera kantua konposatzeko prest agertu zen hasieratik, eta ilusio haundia egin zion erronkak. Emaitza, gainera, asko gustatu zaigu eta zuzenean entzuteko gogoz gaude».
Bi zatiko ereserkia
«Helburu bat nuen, hernaniar guztiek kantatzeko moduko abestia izatea. Ez du zentzurik kanta batek futbol eta errugbi taldeentzat bakarrik balio izateak; kirol guztiak integratuko dituen doinua izan behar du» dio Kamiok, Karabelgo Doinu Zale musika eskolako bulegoan. «Abestiak bi zati desberdin ditu: Lehenengo parteak tonu sendoa du; sentimentala da; herriaren nortasuna adierazteko balio duena. Bigarren zatia, berriz, hernaniar askoren artean ezaguna da, nahiz eta hizkuntza aldaketa izan duen; hau da, kantu zaharrak gaztelerazko zati bat zuen, eta berria, aldiz, euskaraz egitea erabaki dugu. Gainera, azken zati hori armonizatu egin dut eta doinu erritmikoa eta herrikoia eman diot».
Ereserkiaren hitzak zuzenduak daude, Hernani herriari berari, eta bertako herritarrei; eta kirolari ere egiten zaio erreferentzia. Bertakoen izaera goraipatzen da abestian, baita herriak dituen tradizoak ere. «Hernaniar guztiak kantuarekin identifikatuak sentitzea nahi nuen, denona izatea, eta edozeinek kantatu ahal izatea» dio egileak.
Modu berritzailean egina
Teknologia berriak erabili dira grabazioan; programa digitalak erabili dira, lana asko erraztu dutenak. Perkusioa, ostera, Jorge Pachecok egin du, modu tradizionalean. Jon Lizarraldek, tronboia grabatu du. Gainontzeko instrumentu guztiak (biolina, pianoa…) ordenagailuz egin eta erantsi dira. Xabier Valle de Lersundik, musika birtualizatu du, soinu egokia izan dezan. Imanol Kamiok eskerrak eman nahi dizkie himnoa egiten parte hartu eta lagundu dioten kide guztiei. «Haiek egindako ekarpenik gabe zaila izango litzateke hain emaitza ona lortzea».
Koloreen esanahia
Koloreen inguruko aipamena ere egiten da abestian. «Askotan koloreak herri batekin erlazionatzen dira, eta herritarren eta kirol taldeen artean lotura afektiboa sortzen dute». Kamioren arabera. Ereserkian hiru kolore aipatzen dira: txuria, berdea eta gorria. Hernaniko kirola betidanik ezagutu izan da kolore horiek soinean eramanda, eta herriarekin eta aberriarekin duen harremana nabarmena eta agerikoa da. «Beharrezkoa iruditu zait koloreak aipatzea» azaldu du.
Baina ez da gauza berria koloreek horrelako kantetan hartzen duten protagonismoa. Futbolarekin zer ikusia duten talde gehienek, Errealak esate baterako, koloreei egiten diete erreferentzia, hori baita talde izaeraren bereizgarria eta erreferentea.
Motibatzeko asmoz egina
Kamioren ustez, ereserkiaren egitekoa da kirolariak bereziki eta herritarrak orokorrean animatzea eta motibatzea. «Herriarekiko konpromisoa azaleratzeko balio dezake, eta kirolariak animatuko ditu, seguru».
Ramosek ziurtatu du futbol taldea Zubipe zelaira ateratzen den guztietan ereserkia entzungo dela, eta tradizioa bihurtu nahi dutela. «Zure herriari eta taldeari ematen diozun zerbait da, iraganeko kantu bat berreskuratzeko aukera da eta betirako egotea espero dugu. Horrek ilusioa sortzen digu».
Emanaldia gaur Zubipen eta martxoaren 18an Landaren
Ereserkiaren aurkezpen publikoa gaur izango da, Zubipen, eta datorren astean Landaren. Abesbatzako kideek himnoa kantatuko dute gaur, Hirugarren mailako taldearen partidua hasi baino lehen. Partidua, 16:30etan hasiko da. Ramosen ustez «beharrezkoak dira gisa honetako ekintzak, bizitasuna ematen baitiote herriari eta herritarrei».
Beraz, hasi ahotsak entonatzen ereserki berria kantatzeko, eta lainoei ez lan haundirik emateko. «Hernani beti beti Hernani, Hernani beti aurrera…». Ikusi beharko da ondorengo belaunaldiek ere himnoa kantatzen jarraitzen duten.
HITZAK:
Hernani da guztion herria,
berde ta txuriz jantzia.
Kirolari, kirol zale...
talde haundi guztien iturria.
Euskal Herrian hain ezaguna dan
herri kuttun ta esku zabala... hernaniar guztion aberria.
Henani beti beti Hernani, Hernani beti aurrera, ez dago beste holako talderik
Euskal Herri guztian