udaberri usaian, hasi da txirrindulari denboraldia, eta laster ikusiko ditugu batera eta bestera, bizikleta-zale amorratuenak. Larunbat honetan, txirrindulari txikienak ibiliko dira Hernaniko kaleetan. JOCC Taldeak antolatuta, alebin eta infantil mailako lasterketa izango da Hernanin, 16:30etatik aurrera, eta tartean, sei hernaniar, JOCC Taldekoak. Nobedadea izango da, kalean bertan egingo dutela lasterketa, orain arte, urtero Ibarluze poligonoan egin izan baitute.
Herri barruko zirkuitua
30 txirrindulari gazte ibiliko dira, beraz, herri barruko zirkuituan: Urbieta kalean hasi, eta Urbieta kalean bukatu, tartean kale hauek pasata: Marieluts, Latsunbe, Zinkoenea eta Txirrita. Bueltaka ibiliko dira, eta bi karrera izango dira: l Alebinetan, 5-6 km. l Infantiletan, 10 km. Txemari Tranche eta Joxe Luix Gorostegi dira JOCC Taldeko arduradunetako bi. Kronikari adierazi diotenez, Ibarluze poligonoan karrera egin denean, hernaniarrak ez dira enteratu; ingurukoak bakarrik. Herri barruan egiteak badu garrantzia beraz, JOCC Taldeko kideentzat. «Gainera, polita da herritarrentzat ere, txirrindulari gazteak kaleetan gora eta behera ikustea».
Bailarako karrerak
Bailarako txirrindulariak bilduko dira Hernanin larunbat honetan: Hernanitik hasi eta Irun-Hondarribia bitartekoak, eta kosta aldetik Zumaia bitartekoak, hain zuzen. (Urnietakoak adibidez, ez dira bailara horretan sartzen). Denboraldia joan den asteburuan hasi zuten Hondarribian, eta hemendik aurrera ia asteburuero izango dute karreraren bat, herri batean edo bestean.
Gorka Urkiola bigarren; Beñat Garmendia laugarren
Hondarribiako karreran gustora ibili dira hernaniarrak, bailarakoekin indarrak probatzen. Sari eta guzti etorriak dira, gainera, Gorka Urkiola eta Beñat Garmendia infantilak. Horiexek, taldeko infantil bakarrak. Alebinetan, gehixeago dira; lau, hain zuzen: Beñat Clemente, Erik Jimenez, Aimar Arteaga eta Garikoitz Eizmendi... berak dira, akaso, etorkizuneko Hernaniko izarrak. Zeinek daki!
Gipuzkoako Txapelketa, maiatzean Hernanin
Aurten ez gara aspertuko txirrindulariak Hernaniko kaleetan ikusten. Maiatzean, tropela haunditu egingo da, eta bailarakoa ez, Gipuzkoako txirrindulari txiki guztiak ibiliko dira herri barruko zirkuituan. Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da bertan; eguna eta ordua jartzeko dago.
Gaztetxoei deia, Jocc Taldean hasteko
Bizikleta, kirol bat baino gehiago
Bizikleta probatu duenak, badaki, kirol bat baino gehiago dela: garraiobidea behintzat bai, eta asteroko hobbya ere bai, askorentzat. JOCC Taldeak Hernaniko gaztetxoak animatu nahi ditu, txirrindularitza munduan proba egitera.
Txemari Tranche eta Joxe Luix Gorostegi lanean ari dira JOCC Taldean, Jon Castelar eta Axel Tranche entrenatzaileekin batera. Zikloturista taldea izateaz gain, txirrindulari gaztetxoekin ari dira, eta talde hori indartu nahi dute, «Hernanik merezi duelako txirrindulari talde bat izatea; guk beti ezagutu dugun moduan. Bizikletak guk uzten dizkiegu umeei, eta entrenamenduak egiten ditugu, leku seguruan». Harremanetan jartzeko, Transpakarrera joan, astearte, ostegun edo larunbatetan, 17:00etan.