lan erreformaren aurka, Greba Orokorra deitu dute ELA eta LAB sindikatuek martxoaren 29an. ELAk prentsaurrekoa eman zuen Hernaniko egoitzan, arrazoiak emanaz; eta LABek gauza bera egin zuen Lasarten. Biak bat datoz esaterakoan, Lan erreforma berriak langile guztiei erasotzen diela eta horrek, ondorio latzak ekarriko dituela. CCOOk eta UGTk ere, Greba Orokorrerako deia egin dute.
ELA: «lan eta gizarte eskubideen kontra egindako erasorik bortitzen da» ELAko Buruntzaldeko ordezkariek azaldu zuten, Lan erreforma honek errotik desagertaraziko dituela enpleguak, soldatak eta lortutako baldintza eta eskubideak. Gaineratu zuen, eraso hau ez dela bat-batean erabakitako gauza izan, aspalditik datorrela, eta krisia aitzaki gisa erabiltzen dutela urte luzeetan lortutakoa kentzeko. Gauzak horrela, Urruzolak dio, Erreformak langileen estatutua errotik aldatuko duela: «indemnizazioak, soldatak mantentzea, gaixorik egotea...». Erreformak ez direla hemen bukatuko ere, gogorarazi zuen eta horren aurrean, mobilizatzera deitu zituen herritarrak. ELAk hainbat ekimen egingo ditu, Martxoaren 29ko greba bitartean: arrazoiak gizarteratu, kotxekarabanak, langileen batzarrak... Martxoaren 21ean bi herri batzar deitu dituzte, 10:00etan eta 18:00etan, eta 29ko grebarekin bat egiteko deia luzatu dute. Manifestazioa nagusia Donostian egingo dute, goizean; eta arratsaldean, eskualdeka egingo dute.
LAB: «denon bizi baldintzak kaxkartuko dira»
LABeko ordezkariek azaldu zuten, Erreformak langile guztiei erasotzen diela, eta horrek lan harremanak eta bizi baldintzak okertuko dituela. Baita ere, esan zuten, eraso hauek ez direla azkenak izango, eta horregatik beharrezkoa dela Euskal Herriak burujabetasun politikoa izatea. Greba Orokorrera begira, LAB hainbat ekimen ari da prestatzen: martxoaren 23an, manifestazioa Lasarten, 19:00etan, Okendo Plazatik aterata. Hilaren 27an, kotxe karabana euskualde osoan, Hernanitik hasita. Greba egunean, manifestazioa Donostian, 11:45etan, Antiguo, Gros eta Amaratik. Horrez gain, herrietako eragile sozial eta politikoekin biltzen ari dira, ekimen batzuk martxan jartzeko.
CCOO: «Bai Greba Orokorrari; ez lan erreformari»
CCOOk Kronikari jakinarazi zion, Greba Orokorrerako deia egin dutela UGTrekin batera. Hala, herritarrei dei egin diete martxoaren 29an antolatzen dituzten mobilizazioetan parte hartzera: «langileen eskubide urraketei ezetz esan behar diegu. Esaiozu bai, martxoaren 29 greba orokorrari; eta ez, Lan erreformari. Horrez gain, bihar ere mobilizazioak antolatu dituzte hiru probintzietako hiruburuetan. Donostian, Alderdi Ederren deitu dute, eguerdiko 12:00etan.