Negua berandu iritsi da aurten Euskal Herrira, eta Hernaniko merkatariek ez dute nahi adina saldu urte sasoi honetan. Hala, beherapenak aurreratzea erabaki zuten askok, dendetan zuten arropa edo konplementuei irteera emateko asmoarekin. Bi hilabete ingurutan izan dira beherapenak, eta orain, azken txollo horiek eskuratzeko aukera izango da. Berriakeko 11 merkatarik postua jarriko dute gaur eta bihar Atsegindegin, Stock Azokan. Gaur, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara izango da zabalik; eta bihar, 10:00etatik 14:00etara. Bihar gainera, jolas-parkea jarriko dute etxeko txikienen gozamenerako.
Denetariko aukera
Moda, osagarriak, oinetakoak, haur arropa, kirol arropa, etxerako konplemetuak... Stock Azoka arroparekin lotzen dute askok, baina Hernanin, denetarik izaten da aukeran. Azokan izango diren 11 komertzioak gauza ezberdinak saltzera dedikatzen dira: Aurki, Ibai-Mendi, Kera, Kuluxka, Valen, Maialen, Balantxa DVD, Ilargi, Pelotadenda, Feli eta Ttanttaka.
«Arropa 5-10 euroan jartzen dugu salgai»
Kera da Stock Azokan beti parte hartu izan duen komertzioetako bat, eta Hernaniko Kronikak azokak izaten duen efikaziari buruz galdetu dio. Oihana Iturralderen esanetan, dendan geratzen zaiena saltzeko, aukera ederra izaten da Stock Azoka: «txamarrak, galtzak, jertseak... denetarik eramaten dugu eta normalean ondo saltzen da».
Prezioek ere, jende gehiago erakartzen dute. Iturraldek azaldutakoaren arabera, deskontuak %70era iristen dira, eta salgai jartzen duten ia guztia 5-10 euroan erosteko aukera izaten da. Horrez gain, hernaniarrek Hernanin erosteko ohitura badutela azaldu du: «erosle finak dira, Hernanin erosteko ohitura mantendu egiten dute eta hori eskertzekoa da».
«Eguraldi ona berehala
hasi dadila»
Stock Azokarekin bukatutzat joko dute udazken-abenduko moda. Hernaniko denda gehienetan, nabaritzen da datorren urte sasoia badatorrela, hasi baitira udaberri-udarako arropa saltzen. Iturralderen esanetan, martxo bukaerarako iristen da urte sasoi berriko arropa guztia: «saltzeko berriz, eguraldi onaren zain egoten gara; berotzen azkar hasiko denaren esperantza dugu».