emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, eta emakumeen eskubideak aldarrikatzeko asmotan, hainbat adierazpen egin eta onartu dira azken egunetan. Joan den astean, Martxoak 8ko adierazpena onartu zuen Udalak, Plenoan. Asteartean berriz, Kafeta Feministak, Txoko Feministak, Gazte Asanbladako parekidetasun taldeak eta Kontseiluak elkar harturik, prentsaurrekoa eman zuten.
«Aspalditik jasaten dugu
krisiaren zama»
Emakumeek bizi duten egoera azalduz hasi zuten prentsaurrea. Azpimarratu zuten, gaur egun asko hitz egiten dela krisiaz, baina hitz hori ez dela oraingo gauza emakumeen bizitzan: «krisia aspaldian jasaten dugun zama da. Nazio Batuen Erakundeen datuen arabera, munduko jendartearen %50a gara emakumeak, eta lanaren 2/3ak gure gain geratzen dira. Onura eta etekinetatik ordea, %10a besterik ez dugu jasotzen; eta ondasunari dagokionean, %1aren jabe besterik ez gara. Historikoki emakumeoi egokitu zaizkigun lanak, merkatuetako ezkutuenak eta baztertuenak dira».
Emakumeen eskubideei buruz ere, hitz egin zuten. Azaldu zutenez, krisia aitzaki hartuta, Gobernu Estatal eta Autonomikoek pribilegiotzat jotzen dituzte orain arte aitortuta zituzten eskubideak: «eskuetatik kendu nahi dizkigute. Sitema honek irautea nahi duten guztiei, edota nahita edo nahi gabe hauen konplize direnei zapla! eman nahi diegu aurpegian; esnatzeko, haien jarrera zuzentzeko, bakean uzteko eta nahikoa dela adierazteko!».
Karta, berreskuratu
Munduko emakumeen artean adostutako Emakumeen Eskubideen Karta berreskuratu zutela ere jakinarazi zuten, eta bertan biltzen diren eskubideak aldarrikatzen dituztela: «Gure denbora izateko eskubidea dugu; eskubidea dugu zainduak izateko, eta etxeko lanak eta zaintza lanak egitera behartuta ez egoteko; gure gorputzaren inguruan askatasunez erabakitzeko; lana baldintza duinetan izateko, nahiz eta haurdun egon; emakumeen beharrei erantzungo dien osasun zerbitzua erabatekoa eta publikoa izateko; laguntza sozialak eta ekonomikoak, familia unitatean egon gabe jasotzeko; edozein arlo edo jardueretan aktiboki parte hartu eta aintzat hartuak izateko; eta nahi dugun harreman afektiboak sortu eta garatzeko».
Azkenik, eskatu zuten mugimendu feministaren eragiletza politika aitortzea Euskal Herriak bizi duen bake eta normalizazio prozesuan.
Marijira, gaur arratsaldean
Martxoan zehar antolatutako bi ekitaldien berri ere eman zuten. Gaur Marijira egingo dute, 19:30etan, Plaza Berritik abiatuta, eta herritarrei azaltzeko gonbitea egin zieten. Hilaren 29an berriz, Greba Orokorrean parte hartzeko deia egin zuten.
Hitzaldia, Ereñotzun
Emakumeen eguna dela eta, Olak elkarteak hitzaldia antolatu du gaur, Ereñotzuko Auzo Etxeko areto nagusian. Euskal Kultura, Eredu matrilineala izena du eta Carmen Basterretxeak emango du, 19:30etan.
Udala: «Berdintasunaren alde, lanean jarraituko dugu»
UDALAK bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin, eta gizon eta emakumeen berdintasuna lortzeko lanean jarraituko duela azaldu dute: «beharrezkoa da emakumeek aukera izatea gure gizarteko esparru guztietan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko, eta hori babestuko dugu. Gure herrian sortzen ditugun politika guztietan kontuan izango dugu ikuspegi feminista».