Karabel auzoan 2013an hasiko dira obrak, uholdeak saihesteko

Kronika - Erredakzioa 2012ko mar. 8a, 01:00

Batzorde bat sortzea eskatu zioten otsailean Her­nani, Astigarraga eta Donos­tiako Alkateek URA Agen­tziari, Urumea ibaian uholdeen kontrako neurriak har­tzeko. Batzorde hori sortu eta bildu da aurreneko aldiz. Asteartean elkartu ziren Donostiako Udalean aipatutako hiru herrietako Udal ordezkariak, Eusko Jaur­laritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta URA Agen­tziako ordezkariak, Añar­beko Uretako ordezkariak eta Gobernu zentraleko Kosten Zuzendaritza; bileran egon zen baita ere, bizilagun elkarteen ordezkaritza.


Karabel auzoak, lehentasuna
Batzordearen helburua da, uholdeak saihesteko ekintza edo obrak zehaztu eta koordinatzea. Bileran, herri bakoitzak duen egoera aztertu zuten, eta etorkizunera begira, zein obra lehenetsi zehaztu zuten. Hala, aurreneko obrak edo egokitze lanak Hernanin eta Martutenen egitea erabaki zuten. Hernaniri dagokionean, Karabelen egingo dituzte aurreneko obra horiek. Uholde arriskua gutxitzeko asmoarekin, zubi zaharra botako dute. Berria berriz, aldamenean egitea aurreikusten da; hankarik gabea izango da. Komisio taldeak jakinarazi zuenez, obra hauek 2013an egiten hastea aurreikusten dute. Horrez gain, Añarbeko presan maniobra batzuk egitea ere erabaki dute, lehentasun gisa. Zein izango diren zehaztu dituzte eta 2012-2013an egin behar diren formalizazio administratibo batzuen zain daude.


Beste hiru proiektu
Donostian ere, beste hiru obra egitea aurreikusi dute: Donostiako ETS zubia eta kolektorearen pasagunea egitea; Txomin Enea auzoko urbanizazio lanak 2013an hastea; eta Martutene auzoan aurreikusten diren lanak 2014an hastea.


Bigarren bilera, maiatzean
Batzordea maiatzean elkartuko da bigaren aldiz. Do­nos­tiako Udalean egingo dute bilera eta obren kronograma eta nola finkatu aztertuko dute. Horrez gain, programazioa ere, egingo dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!