HERNANIAR askok hartzen dute parte Sahararen aldeko Euskal Karabanan, eta aurtengo datuak ere, bikainak izan dira. Azukrea, lekaleak, atuna, sardinak oliotan, arroza, olioa, pasta eta helduentzako konpresa eta pardelak ziren, Hernaniri jasotzea egokitu zitzaizkion produktuak, eta erantzuna oso ona izan zen: 6.200 kilo jaso ziren. Udaletik gogorarazi dute, joan den urtean bi aldiz egin zela janari bilketa, eta krisi garaia kontuan izanda, hernaniarren esfortzua haundia izan zela: «horrexegatik, hernaniar guztiei eskertu nahi diegu aurten erakutsi duten eskuzabaltasuna eta elkartasuna. Bereziki, janari bilketa honetan aktiboki parte hartu duten pertsona eta erakundeei; horien artean, herriko ikastetxeak, tabernak, elkarte gastronomikoak eta hainbat denda.
Sei kamioi eta bi autobus
Euskaditik sei kamioi eta bi autobus atera ziren joan den otsailaren 18an Saharako Tinduf errefuxiatu kanpamendura, guztira, 150 tona janari, konpresa eta pardelekin. Karabanaren helburuetako bat da, errefuxiatu kanpamenduetako gosea asetzea, batez ere, ume eta haurdun dauden emakumeena.
Saharako haurrak etxean hartzeko, izen-ematea
Saharako umeak etxean hartzeko kanpaina ere, martxan da. Haurren bat hartu nahi dutenek 943 33 68 02 edo 943 33 70 17ra deitu behar dute edo helbide hauetara idatzi: irantzu-j@hernani.net edo marijo-m@hernani.net.