Hernanik urduri eta presiopean jokatu zuen atzo eta ez zuen bere maila ematerik izan. Hala, Cisneros nagusitu zen Igoera Faseko joaneko partiduan: 23-16.
Rafa Larretxeak Kronikari azaldu dioenez, Lehenengo zatian Hernanik ez zuen ondo jokatu. Madrildarrek gehiago dominatu zuten eta 13-6 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi bezain pronto, Cisnerosek hiru puntu gehiago lortu zituen zigor kolpe bidez, baina hernaniarrek jokoari buelta ematea lortu zuten, entsaioa eta gauzaketa egitean. Minutu batzuetara, berriz, zigor kolpea eta berdinketa iritsi ziren: 16-16. Partidua hala bukatuko zela zirudien, baina luzapeneko azken minutuan madrildarrek entsaioa eta gauzaketa egitea lortu zituzten, 7 puntuko aldearekin irabaziz.
Hernanik entsaio bat, gauzaketa bat eta hiru zigor kolpe lortu zituen, guztiak Igor Genuak eginak.
Martxoaren 18an, bueltakoa
Errugbi elkarteko kide eta jokalariak martxoaren 18ra begira daude dagoeneko. Orduan jokatuko da bueltako partidua Landaren eta zazpi puntu baino gehiagoko aldearekin irabazi beharko du Hernanik Ohorezko Mailara igotzeko. Larretxearen esanetan, «Hernani Cisneros baino gehiago da eta dakien bezala jokatzen badu, lortuko dugu».