asmatutako istorioa izan arren, lasai asko izan liteke egitazkoa. Emakume batek idatzia da, gerrari ihesi Biarritzera joan, eta handik Hernanira bidalia, Joxepari, bere lagun-minari, 20 urte beranduago. Errealismo kutsu haundia du gutunak, garai hartara daramaki irakurlea, hori bera da orijinaltasuna ematen diona. Emakume batek beste emakume bati aitortzen dio maite duela, berataz gogoratzen dela, asko, eta bihotzean eramango duela beti. Karga moral guztiak alde batera utzita, garai hartan hain sinple egindako aitorpen horrek ematen dio gutunari sekulako pisua. Horrez gain, Hernaniko euskalkian idatzi du Joana Ortegak, bere izeba buruan hartuta. Horrek ere laguntzen du sinisgarritasunean. «Hitz egiten dugun bezala idatzi dut, garai hartan ez baitzen euskera baturik, eta erderaz idazteak ere ez zuen logikarik, lagunetik lagunera idatzia baita».
Musikaria, idazle
Joana Ortega hernaniarrak irabazi du Barakaldoko Amodiozko Gutunen Lehiaketa, Juanita Mattia lanagatik. 27 urteko hernaniar honek ohitura haundia du idazteko, baina orain arte ez zuen inoiz lehiaketetan parte hartu. Behin hartu, eta behin irabazi. Badu etorkizuna, bide horretatik. Ortega musikaria da, piano-jole aparta, eta berak ere garbi dauka, musika mundutik segi nahi duela. Hala ere, idaztea eta irakurtzea oso gustora egiten ditu. «Irakurri denetik egiten dut. Azken aldian, emakumeek idatzitakoek gehiago engantxatzen naute. Erreferentzi berak ditugulako edo... gehiago identifikatzen naiz. Isabel Allende gustatzen zait, asko. Gainerakoan, gustoko ditut baita ere, Ur Apalategi, Xabier Mendiguren, edo Angel Lertxundi, adibidez».
Ahoz errezitatua
Gutun osoa interneten dago, eta hitzez errezitatua ere bai: www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=3FaBpCyWwpg.
‘Juanita mattia’
gutuna osorik:
Biarritz, 1959ko nobienbria
Juanita mattia,
Juanita, zemuz zeate
denak? Familiya ondo? Baserriyan geratu ziñaten denak, aizpa eta illoba
guziyak. Goguan dakat alde indako euna ere, egualdi kaxkarrekua ta penaz betia
nere biotza. Asko pentzatzet zukin, elkarrekin pasatako momentuk bein ta
berrize gogora ekartzettut ta asko tristetze nau banatu bier izanak.
Sukaldian ezautu nizun,
bazerriko berotasunian. Oso apaña zenden jantzita, loredun alkandora eta gona
beltzakin. Mantal urdiñian eskuk leortze zenittun etxeko illobei elkarrizketa
ta goxotasuna ematen zeniyen bitartian. Jainkuak daki zenbat lan intzenun
baserriyan eta zuen familiyan tabernako barra artan ere.
Eztet aztu udaberriyan,
zuen sagardin emandako buelta. Gizon batekin ezkontzeko eskatu zizun zuen attak
eta zuk holakoik etzenula nai kontatu zenian. Sagarrik oaindik etzan, mayatza
zan da! Ordubetian baño denboa geyuan izan giñan antxe arbolei beida-beida.
Arbolei baño elkarri beida eon giñala esango nuke, Juanitatxo, biyak ondo
launak giñan da ondo entenditze giñan. Jakintzazu nei sekulako poza emantziala
iñorrekin ez ezkondu nai izanak, nik ere ez painuke eoziñekin ezkontzeik nai.
Gerra garayak gorrak izan
tzian danontzako. Gurasuk galdu nittun lendabizi, ta geo anai gaztena, Juan
Joxe. Trentaiochuan fusilatu zuten eta alde in bierra izan nun beldur nitzan
ta. Zuk ere etzenun batere ondo pasa eta jakin nai nuke nola tratatu zattuen
ogei urtiok. Ezkondu ta semeik izan otezun eo illobentzat bizitzen segitze
aldezun. Baserriyan eta etxeko tabernan lanian segitze aldezuen denek ta ondo
ote zaudeten danak.
Zuengana juteko gogua baet,
baño erderaz jakin ez! Xiniste al diazu? Oaindik ez det kastellanua ikasi! Frankok euskeraz aittuko banindu...
akabo! Kastellanua ikasitakuan jungo
naiz zure bixitan, eo Franko ildakuan bestela. Urte gutxi faltako zaizka beste
epelapaindu orri ere iltzeko, ezta? Kontatu izkate indako guziyak ta onik ez
omen du ekarri Euskalerrira.
Ondo bizi naiz Bidasoaz
beste aldi ontan, frantsesa entenditzet, euskera aztutzen ai zaitela ustet.
Etxe ttipi batian bizi naiz, gela konpartitzen det alargun batekin ta bere iru
seme alabekin. Oso eskertua no, etxebizitza konpartitzen utzi diate eta lanare
tipatu diatelako. Juanita, aberatsen etxebizitzak garbitzettut eta ondo patze
diate gañea. Etxetxipia abizeneko familiya da oyetako bat. Ikasitakuak dia,
eskola junak eta jatena sobratze zayenian guri ematigutenak. Etorri biertzenuke
zuk e au ikustea, ikearriya da! Playa re emen bertan deu eta odi asko gustaste
zaye euna pasatzea jutia udara partian.
Eunen batian biyok
playara jutiakin ameste det, gerra, frantsesa, kastellanua eta ildako guztiyak
aztuta. Zu eta biyok beti bezin kontentu ta lagun. Elkarri kontuak esanez ta
azkazalak pintatzen jarrita, garai batian bezela. Goatze al aiz Juanitatxo? A
ze parrak elkarri esaerak eta kontuk kontatze genizkanian, nere illia orrazte
zenian bitartian.
Jainkuak esangou noiz
elkartuko gean da ozazuna noiz arte izango deun. Bitartian, kristau ona izan
eta etxekuak ondo zaindu. Emaizkazu muxu asko illobei, ta aizpai ere eskumiñak
eman. Ni beti goatuko naiz zukin ta elkarrekin pasatako momentu pollitetaz.
Ezto esan bierrik asko matte zattutela, Juanita, ta ikusteko gogoz naola. Ta
beti kontu aundiya euki gizonekin, tontakeritan ez ibilli oikin beti irabazten
ateatzeidata.
Playan elkartuko gean
eunan zai nago Juani! Laister arte.
Joxepa Arrizabalaga Lete