OSTEGUNEAN da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Hernaniko Udalak, Martxoak 8ko adierazpena onartu zuen Plenoan, mozio gisa; bide batez, berretsi eginzuten gizon eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna lortzeko duten konpromisoa. Ez zen egun horretan Udalak onartu zuen mozio bakarra izan. PSE-EEk aurkeztuta, ume lapurtuen inguruko mozio bat ere onartu zen, aho batez.
«Gizon eta emakumeen arteko harreman eredu
berri bat eraiki nahi dugu»
Mozioa Gobernu Taldearen aldeko botuekin onartu zen; EAJ eta H1!ek kontra bozkatu zuten; eta PSE-EE abstenitu egin zen. Azken hauek gainera, gogoratu zuten aurreneko aldia dela, gai honi buruzko adirezpen bat aho batez onartzen ez dena.
Mozioan Udalak bultzatuko duen politika feminista zehazten da. Bertan azaltzen dutenez, emakumeek jasaten duten zapalkuntza gizartearen egituraren ondorioa da, hau da, antolaketa ekonomiko, politiko eta ideologikoarena: «patriarkatua erabat errotua dago gure gizartean, eta eredu hori kapitalismoan dago oinarrituta».
Udalean garatu nahi den politika feministari buruz ere hitz egiten da mozioan. Diote, politikak integrala izan behar duela, hau da, emakumearen bizitzaren arlo guztietan izan behar duela eragina: «emakumeen eskubideetan oinarrituko da eta beste herri eredu bat eraikitzea izango du helburu. Hau da, gizon eta emakumeen arteko harreman eredu berri bat eraiki nahi dugu».
Emakumeen gidaritza eta partehartzea ere lantzen da mozioan. Adierazi dutenez, politika honen definizioa mugimendu feministekin eta emakume taldeekin egin behar da, «partehartzeak ahalbidetuko baitu politika feminista erreala definitzea». Horrez gain, mozioak dio, martxan jartzen ari diren proiektua oinarri feministetan dagoela oinarritua, eta herrian sortuko dituzten politika guztiek izango dutela ikuspegi feminista kontuan.
Deialdia, parte hartzeko
Azkenik, Udalak dei egin die herritarrei mugimendu feministek deitzen dituzten ekimen guztietara joateko.
EAJk, mozio alternatiboa
Alderdi Jeltzaleak mozio alternatiboa aurkeztu zuen, eta oposizioak alde bozkatu bazuen ere, ez zen onartu Gobernu Taldearen kontrako botuengatik. Mozioak bost puntu zituen, eta bertan, besteak beste, eskatzen zen: euskal gizartea animatzea Martxoaren 8ko ekitaldietan parte hartzera; herri mailako berdintasun politikak sustatzea, Udalen eta herritarren arteko zubiak eraikiz; eta euskal gizarteari konpromezua eskatzea, gizarte demokratiko eta justuago bat eraikitzeko».
Ume lapurtuen kasuan, neurriak hartzea
Ume lapurtuen auzia pil-pilean dago azken urtean, eta Hernanin zortzi familia dira, umea lapurtu zietela uste dutenak. Hori horrela, Hernaniko Alderdi Sozialistak mozioa aurkeztu zuen astearteko Plenoan Udalak pausu batzuk eman ditzan, eta aho batez onartu zen.
Mozioan azaltzen denez, lapurreta kasu gehienak 50 eta 90 hamarkada bitartean izan ziren, eta dirudienez, bide egonkorrak ere bazeuden: «bat, Madril-Valentzia zen; eta besteak, iparraldetik egiten zuen lana, hau da, Hego Euskal Herritik, Valentziara eta Saguntoko Ama Eskoletara». Salatu diren kasuei dagokienean, mozioak dio, Gipuzkoa dela Estatu mailan kaltetu gehien dituena: «Euskadin 400 kasu baino gehiago baieztatu dituzte, eta Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusia 200 ari da tramitatzen; horietatik 121 kasu Gipuzkoakok dira».
Egia jakin eta kaltetuei laguntzen bi elkarte ari dira Hego Euskal Herrian: SOS Bebes Robados eta Anadir. Mozioan azaltzen denez, biek eskatu dute egia jakiteko eskubidea: «euren desagertuen egoera jakin nahi dute, eta instituzioei laguntza eskatu diete». Hori kontuan izanda, mozioak sei puntu ditu:
«Bat, Udalak bat egiten du elkarte eta kaltetuekin, eta Instituzioei eskatzen diegu behar diren neurriak eta euren esku daudenak hartzeko.
Bi, Udalak Diputazioari eskatzen dio, elkarte eta kaltetuekin hitzarmen bat sinatzeko, hainbat laguntza izan ditzaten: laguntza ekonomikoa, dokumentazioa eskuratzerakoan, psikologikoa...
Hiru, Udalak erakunde parlamentarioei eskatzen die Ikerketa Batzorde bat egitea.
Lau, Udalak ospital publiko eta pribatuen kolaborazioa eskatzen du, eta baita Eliza katoliko eta Donostiako Apezpikuarena.
Bost, Udalak Estatuko Fiskal Orokorrari eskatzen dio instruzio bat agintzea, prozesuak erraztu eta ikerketak egiteko.
Sei, Udalak elkarte eta kaltetuekin kolaboratuko du, ardura, elkartasuna eta hurbiltasuna eskainiz».