Jokalari eta entrenatzaileen aste honetako nerbioek, indarra, gogoa eta kontzentrazioari utzi beharko diote lekua, bihar. Igoera faseko aurreneko partidua jokatuko da Madrilen, eta eguerdiko 13:00etatik aurrera helburu bakarra izango dute guztiek: playoffa irabazi, eta datorren urtean Ohorezko Mailan jokatzea. Azken urteetan, igoera faseko protagonista izan da Hernani, eta hori errugbi elkartean burutu den lan onaren erakusle da. Jokalariak barneratuta dute ikasitako guztia, eta lan on horri ginda jartzeko garaia iritsi da: «harro sentitzeko modukoa litzateke igoera lortzea. Talde seniorrera igo nintzenean, 3 edo 4 maila beherago geunden, eta Ohorezko maila oso urruti ikusten genuen. Orain, 12 urteren buruan, 4garren aldiz saiatuko gara igoera lortzen» dio Arkaitz Otaño jokalariak. Iraitz Garmendia jokalariaren ustez ere, azken urteetan egin den lanaren errekonozimendua litzateke igoera lortzea: «hemen ez gaude kasualitatez. Lan haundia dago emaitza hauen atzean. Jende askoren borondate ona ere behar izan da beharrezko ziren gauza guztiak egin, eta hau dena aurrera ateratzeko».
Playoffetako
esperientzia negatiboei,
buelta eman beharra
Igoera faseetan esperientzia duten jokalariak existitzen badira, horiek dira Hernanikoak. Hori bai, zoritxarrez, orain arteko experientzia guztiak ez dute emaitza positiborik izan, eta igoera ez lortzearen arantzatxoa iltzatua dute klubean. Halere, konpetitzen ikasteko balio izan die orain artekoak: «partidu hauek 160 minutukoak direla ikasi dugu, aurreko urteetako esperientziarekin. Saiatu behar dugu Madriletik emaitza on bat ekartzen, gero Landaren guk nahi dugun partidua egin ahal izateko» dio Garmendiak.
«Inoiz baino hobeto gaude»
Taldeak asko eboluzionatu du azken urteetan, orokorrean. Patrick Polidori entrenatzaile lanetan hasi zenetik, taldea asko aldatu da, eta inoiz baino hobeto prestatuta daudela uste dute: «hiru urte daramazkigu entrenatzaile berriarekin. Bere filosofia barneratu dugu, eta gauzak geroz eta gehiagotan ateratzen zaizkigu pentsatu gabe, naturalki. Geroz eta gehiago jokatzen dugu errugbian, eta gure jokoak eboluzio haundia jasan du. Motibazio aldetik beste urteetan bezala gaude, baina aurten errugbi gehiago dugu».
Javi Seco Boli entrenatzailearen arabera, taldearen denboraldi onaren oinarria joan urteko denboraldi «lasaia» da: «Arlo psikologikoan ere, hobekuntza haundia sumatu dugu. Aurreko urteetatik zama haundia geneukan bizkar gainean: playoffa jokatu eta galdu, hurrengo urtean berriz ere playoffa jokatu eta galdu... Joan den urtean ordea, ez genuen presiorik izan mailaz igo edo jeisteko, eta lasaitasuna izan genuen lana ondo egin eta kontzeptuak asimilatzeko. Lasaitasunari, urteetako esperientzia, lana eta inplikazioa gehitzen badizkiozu, emaitza, aurtengo denboraldia da» .
Entrenatzaileak pozik, taldearen inplikazioarekin
Klubean pozik daude taldearekin, bereziki taldean dagoen giroarekin eta jokalarien inplikazio mailarekin: «jokalariek egin duten lana goraipatzekoa da. Adibidez, aurredenboraldian, astean 4 edo 5 aldiz entrenatzen zuten, profesionalak izan gabe; alegia, ezer ere kobratu gabe».
Polidori entrenatzailearen sentipena ere, berdina da. «giro ona dago eta lanerako prestutasuna dute. Talde berri batean hasten zarenean, etorkizunerako helburu asko izan ditzakezu: oinarri sendo bat sortzea, jokatzeko modu bat finkatzea...etab. Taldeak ez badu zuk irakatsi nahi diozuna onartzen, ez duzu ezer lortuko. Jokalariak gustora etortzen dira lanera elkarren artean oso ondo eramaten direlako, lagun onak direlako. Talde gisa, bikaina da» .
Playoffa dela eta urduri, aspalditik
Tentsio haundiko kanporaketa espero da, eta horrelakoetan urduritasuna eta ezinegona izaten da jokalarien etsairik indartsuena: «nerbioak dantzan noiztik dauzkaten ere ez nuke asmatuko! Aspaldi gaude playofferako sailkatuta eta noren kontra jokatuko genuen jakin nahian, denbora asko damakigu sailkapenari begira», dio Otañok. Entrenatzaileek ere kostata mantentzen dituzte kontrolpean tentsio eta nerbioak, hala dio Secok: «urduriago gaude denok azkeneko astean, zerbait ezberdina somatzen da giroan...».
Zaleen babesa, «izugarria»
Joaneko partidua Madrilen jokatuko den arren, desastrerik gertatu ezean, kanporaketa Landaren erabakiko da martxoaren 18an. Arkaitz Otañoren ustez, «edozein jokalarirentzat, gerta dakioken gauzarik ederrena da Hernanin sortzen den giroarekin jokatzea playoffa. Zaleak gurekin egotea, eta lagundu eta babesa emateko prest daudela jakitea da, dagoen gauzarik politena».
100dik gora hernaniar, Madrilera
Aurtengo playoffean zaleen babesa ez da Landareko partidura mugatuko. Izan ere, bihar Madrilen jokatuko den partiduan 100dik gora hernaniar biltzea espero da: «oso pozik gaude jendeak izan duen erantzunarekin. Egin dugun denboraldi onaren ondorioz, espero genuen jendea Madrilera animatzea. Helburua autobus 1 betetzea zen, eta azkenean 2 bete ditugu. Gainera, badakigu autobusetan etorriko diren zaleez aparte, beste batzuk kotxean eta hegazkinez ere joango direla, taldea animatzera» dio Arkaitz Otegik.
«Eskerrik asko, guztioi»
Iraitz Garmendiak Kronika gerturatu izana aprobetxatu nahi izan zuen, klubeko jende guztiaren izenean, zale guztiei eskerrak emateko: «eskerrak eman nahi dizkiogu partiduetara etortzen direnei, kalendarioak egin eta erosi dituzten guztiei, boletoak erosi dituztenei... etab. Azken finean, eskerrak eman nahi dizkiegu hondar alea jarri duten guztiei, beraien laguntzari esker ere, iritsi garelako honaino».