Donostiako Bigarren Zinturoian juntak aldatu behar ditu Bidegik, Astigarraga inguruan, eta bihartik martxoaren 12ra bitarte, Bilboko norabideko bi karrilak itxita egongo dira. Hori dela eta, aldaketak izango dira trafikoan. Bypass (desbideraketa) bat jarriko dute eta Bilboko norabidean joan nahi duten ibilgailuek Irungo norabideko karriletik joan beharko dute zati horretan. Karril horietako bat Bilboko norabidean doazen ibilgailuentzat izango da eta bestea Irun aldera doazenentzat. Beraz, zati horretan norabide bakoitzeko karril bana izango da. Horrez gain, Iruñeatik edo Hernanitik Irun norabidean A-15etik doazen ibilgailuek ez dute zuzenean Bigarren Zinturoira sartzeko aukerarik izango. Astigarragako errotondara joan beharko dute eta bertan atzera egin. Hala, Bigarren Zinturoian sartzeko aukera izango dute.
Beste hiru aldaketa gehiago
Obren eraginez, beste hiru aldaketa gehiago ere izango dira trafikoan. Alde batetik, bihartik ostiralera, auto-ilarak saihesteko, Bigarren Zinturoiko sarrera itxiko da Errenterian, 07:00etatik 10:00etara, eta trafiko guztia GI-20tik, karretera zaharretik zuzenduko da.
Egun horietan, baina arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara, itxiera beste norabidean izango da, hau da, AP-8an Irungo norabidean doazen ibilgailuek ezingo dute sartu Usurbil inguruan, eta kasu horretan ere, GI-20tik joan beharko dute.
Bestalde, lanek irauten duten bitartean, Bigarren Zinturoiko 19garren irteera, Bilboko norabidean, itxita egongo da. Beraz, inguru horretatik ezingo da A-15era joan, Iruñeako norabidean, ezta GI-41era, Donostiako norabidean.