Aurrekontuak onartu dira, eta baita Animalien Ordenantzatik ADN proba kentzea ere

Kronika - Erredakzioa 2012ko mar. 1a, 01:00

Aurrekontuei dagokienean, pertsonalean KPIaren igoera ezinezkoa dela eta, moldaketa bat egin dute. Martxoaren 8ko Bilduren adierazpena ere onartu zen, eta baita ume lapurtuen auziko sozialistena ere.

Astearteko Plenoan behin betiko onarpena eman zi­tzaien 2012ko aurrekontuei. Urtarri­leko Plenoan behin behi­neko onarpena eman zi­tzaien eta aurrekontu haietan aurreikusten zen pertsonal gastuetan KPIa (IPC) igotzea. Luis In­txaus­pe alkateak herenegun azaldu zuen hori ezinezkoa de­la Mariano Rajoy Espai­nia­ko Gobernuko presidenteak onartutako dekretuaren arabera eta moldaketa bat egin dutela. Diru kopuru hori beste ka­pitulu batean gordetzea proposatu zuten, Gober­nu Tal­dea­ren borondatea baita, legez posible bada, igoera hori izatea. Aurrekontuak Gobernu Tal­­dearen aldeko botoekin onartu ziren. Oposizioko alderdi guztiek kontra bozkatu zu­ten, aurreko bozketan bezala.

Animalien Ordenantza, lehengora Animalien Udal Ordenan­tzan moldaketa bat egitea ere onartu zen asteartean. Hain zuzen ere, ADNari zegokion puntua kendu da. Aurreko agintaldian erabaki zen txakurrek ADN proba egin behar zutela eta gai horrek herritarrengan sortutako ez­ta­baida ikusita, Bilduk herritarrekin bilerak egitea erabaki zuen. Bilera ho­rietan adostutakoa da Plenoan aurkeztutako testua. Andoni Amo­na­rraiz EAJ-PNVko bo­zeramaileak proposamen ba­tzuk egin zituen testua hobetu eta zalantzak argitzeko asmoz. Hainbat proposamen kontuan hartuta, bozketa egin zen eta aho batez onartu zen Orde­nantzaren moldaketa. Txakurren gaiari lotuta, arazoak bi direla azaldu du alkateak: aske ibiltzea eta kakak. He­rritarrekin egindako bileretan, eztabaidagai izan dituzte baita ere zakarrontzi gehiago jartzea eta txakurren­tzako guneak jartzea edo ez, baina horiek ez direla Or­de­nantzak bildu beharreko gaiak gaineratu du. Bestalde, Animalien Or­de­nantzari lotuta, zigortzeko es­kumena aldatzea onartu zen. Arau hauste larriak, berez, Plenoaren esku egon behar du­te, baina Bilduk proposatu zuen Gobernu Batzordearen esku uztea, praktikotasunagatik. Alde bozkatu zuten Bil­duk, EAJ-PNV eta H1!ek eta so­­­zialistak abstenitu egin ziren.

Lau puntu gehiago Beste lau puntu ere onartu ziren. Esaterako, Martxoaren 8ko adierazpena, Bilduk aurkeztutakoa. Gobernu Tal­dea­ren aldeko bozkarekin onartu zen. EAJ-PNV eta H1ek kontra bozkatu zuten; sozialistak abstenitu egin ziren. Jeltza­leek mozio alternatiboa aurkeztu zuten eta ez zen onartu. Oposizioko alderdi guztiek alde bozkatu zuten eta Go­bernu Taldeak kontra. Ume lapurtuen auziari lotutako mozioa ere aurkeztu zuten sozialistek eta aho batez onartu zen. Azken mozio horiek zabalago landuko dira larunbateko Kronikan. Horrez gain, Hondakinen Ordenantzari puntu bat gehitu zaio. Hondakin komertzial eta enpresetako hondakinak sistemaren barruan sartzea erabaki da, Bilduren botoekin. Gaine­rakoak abstenitu egin ziren. Bestalde, Udalak BIC Gi­puzkoa Berrilan SA-n izango duen ordezkaritza ere izendatu zen. Bilduk proposatu zuen Aitor Miner izatea eta Kistiñe Lujanbio ordezkoa. Alde bozkatu zuen Bilduk eta beste guztiak abstenitu egin ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!